Getxoko Udalak 1936ko gerran, aurreko gatazka zibiletan eta frankismo garaian udalerrian izandako biktimei omenaldia egin die gaur laugarren urtez,
2009ko ekaineko osoko bilkuran aho batez adostutakoa betez. Ekitaldia Galeako ibiltokian jarritako “Liburuaren oroimena” izeneko eskulturaren ondoan egin da. Bertan, bi txistularik "Agur jaunak" jo dute, hurbildutakoak minutu batez isilunean izan dira eta alkate getxoztarrak lore-eskaintza egin du. Omenaldian biktimen senitartekoak, udalerriko herritarrak eta Getxoko Udalbatzan ordezkaritza duten talde politiko guztietako (EAJ, PP, Bildu eta PSE-EE) ordezkariak izan dira, Imanol Landa alkatea buru izan dela. Ekitaldi "xumea baina hunkigarria eta sentitua" amaitutakoan, alkateak azpimarratu du ekimenaren xedea "biktimen oroimena gaur egunera ekartzea" dela eta horrekin batera "atzera begirada bat egitea, ez ahaztu zer gertatu zen, zelako gertaera latzak eta mingarriak gertatu ziren baita ere gure herrian, Getxon", baina aldi berean, "iraganeko begirada horrekin etorkizunera ere begiratu, elkarbizitza klabe batean, itxaropen klabe batean eta gorrotorik gabe". Landak aldarrikatu duenez, "Frankismo eta Gerra Zibileko biktimei justizia egin behar zaie eta, justiziaren barruan, euren oroimena ekarri eta gogoratu". Argazkian lore eskaintzaren unea / ©
Getxoko Udala.