Cadizko mediku forentseak atzo egin zion autopsiaren eta gaur familiaren gertuko medikuek egin dioten azterketaren behin behineko emaitzen arabera, Arkaitz Bellonek bat-bateko heriotza izan zuen eta arrazoi naturalek eragin zuten, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. "Ez dago induzitutako heriotzaren susmorik", adierazi du. Dena den, itxoin egin behar da azken txostenak eta falta diren frogek zer dioten jakin arte. Nolanahi ere, presoen senideen elkarteak hau nabarmendu nahi izan du: "Harreman zuzena dauka zoritxarrekoak 13 urtean Arkaitz Bellon izan duten baldintzekin. Torturek, jipoiek, lekualdatzeek, eta etengabeko tentsioek eragin dute bere osasunean". Faktore horiek ez dira, gainera, Etxerat-en ustez, arrisku faktoreak, "erabakigarriak" baizik. Autopsia amaituta abiatuko dira Euskal Herrira senideak gorpuarekin. Etxerat-ek jakinarazi duenez, 19:00ak aldera izango da. Ostiraletan izaten diren ohiko elkarretaratzeetan jarri du hitzordua elkarteak, eta herritarrek parte har dezatela eskatu dute, sakabanaketa hildakoen eragile dela salatzeko: "Sakabanaketak gure senideak hiltzen ditu" leloa izango dute. Besteak beste, 18:30ean jarri dute hitzordua Xake plazako Itzubaltzeta / Romoko aldean; 19:30ean Sopelako udaletxe aurrean; 20:00etan Algortako Telletxe plazan eta Leioako Bulebarrean; eta 20:30ean Plentziako Pirulin. Argazkian, Arkaitz Bellonen heriotzaren ostean zabaldu den karteletariko bat.