Kanpaina honen abiapuntua SHK Sopelako Hondakinen Kontseiluak egindako lana da. SHK 2013ko martxoan hasi zen lanean eta udalerriko alderdi politiko eta elkarte ezberdinek osatzen dute. Kanpainak, gainera, Sopelako hainbat merkatarien babesa du. Tuperra erabiltzeak "abantaila ugari" ditu, Udala dioenez. "Alde batetik, erosoagoa da: etxera heldu eta zuzenean tupperra hozkailura sartu daiteke. Beste alde batetik, keinu txiki honekin papera eta plastikoaren kopurua nabarmen jaistea lortuko genuke, elikagaiak gordetzerakoan ez dugulako inolako hondakinik sortzen. Beraz, hondakin gutxiago sortzen dugunez, ingurumena zaintzen lagunduko dugu, eta horrek eragin zuzena du herrian eta herritar guztiengan", azaldu dute. Azkenik, kanpaina honen bidez herriko komertzioen kontsumoa ere bultzatu gura da.
Tupperra erabiltzeko "prozedura oso erreza" da: lehenik eta behin, erosketak egitera joan baino lehen tupper bat hartu beharko dugu etxetik. Harategi edo arraindegian erosten dugunean, dendariari tupperra emango diogu elikagaia bertan sartu dezan, plastiko edo papera erabili barik, eta guk etxera eraman dezagun.