Erandioko Udalak 10.000 euroko diru-laguntza eman dio gizarte esku-hartzean lan egiten duen
Sortarazi giza garapenerako elkarte klaretarrari. Udalak eta elkarteak hitzarmena sinatu dute lankidetzarako marko egonkorra ezarri eta zenbait prestazio ematea bermatzeko (hala nola, egoitza, janaria, arropa, eskolako materiala, haurtzaindegi-bekak edota etxebizitza), prestazio horiek jasotzeko prozeduran eskatutako baldintzak bete eta Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik eratorritako pertsonak onuradun izan daitezen. Bestalde, Erandioko Udalak 2013an aparteko 125.000 euro jarri zituen gizarte-larrialdietarako laguntzak emateko, eta gai horren ardura duen Eusko Jaurlaritzak jarritako beste 255.000 eurori gehitzeko, tokiko arduradunek jakinarazi dutenez. Agintari erandioztarrek emandako datuen arabera, guztira, 302 familia-unitateri egin zien harrera iazko urtean, eta horietatik, 275 familia-unitatek jaso zuten nolabaiteko laguntza. 27 kasutan ez zitzaien laguntzarik eskuratu, "eskatutako baldintzaren bat betetzen ez zutelako". 2012an, berriz, 290 familia unitateri eman zitzaien arreta eta 26 kasutan laguntza ukatu. Argazkian, Gurutze Gorriko boluntario bat, orga beteta, artxiboko irudian / © Bizkaiko Gurutze Gorria.