Berbots Erandion Euskaraz! elkarteak antolatuta, txotx garaiaz gozatu ahal izango dute aipatu udalerriko zein inguruetako euskaltzaleek martxoaren 15ean. Larunbat horretan, autobusa hartu eta Abaltzisketako Zalbide sagardotegira abiatuko dira sagardozaleak, ostatuan bertan ekoiztutako sagar ura probatu aldera. Kupeletarako txangoen artean, ohiko menua izango dute: bakailaoa, tortillan zein frijitua, txuleta, gazta, irasagarra, intxaurrak eta abar. Bidaia eta menua 35 eurotan jarri dute, euskara taldeko bazkideentzat eta berbalagunentzat 5 euroko deskontua izango dela. Izena emateko Altzagako La Plaza tabernara hurbiltzea baino ez dago, ahalik eta lasterren, tokiak mugatuak baitira. Autobusa Altzagako gasolinotik irtengo da 11:00etan. Bueltatzeko ordua, berriz, gauerdian jarri dute. Argazkian, Berbotseko hainbat lagun parrandan Lutxanan, 2010eko Kanpomartxo jaian.