Erandio zein Uribe Kostan, gizarte, auzo eta politika mailako hamaika borrokaldietan ibilitako Josu Cerrato Ocerin astrabuduarra hil egin da gaur goizaldean, 60 urte zituela, gaixotasun luze baten ondorioz. Beste askoren artean, LAB sindikatua eta Etxerat elkartearen kidea izan zen; baita Herri Batasunaren (HB) zinegotzia ere, Erandioko Udalean, 1987tik 1995era urte bitarteko agintaldietan. Ekologismoa, preso eta iheslari politikoen eskubideak, auzo-borroka... defendatu zituen bere bizitza osoan zehar. Besteak beste, Anton Fernandez altzagarra eta Josu Murueta astrabuduarrari frankismoaren biktima izaera aitor ziezaieten Cerratok egindako lana goraipatu du Ahaztuak 1936-1977 elkarteak. Biak ala biak Francoren poliziak hil zituen tiroz, 1969an, garai horietan erandioztarrak itotzen ari zen kutsaduraren kontrako protesten baitan. Bere senide eta lagunek azken agurra emango diote Josu Cerrato militante abertzale ezagunari asteazken honetan, otsalak 12, Leioako Santa Ana beilatokian, Areetako anbulatorio aurrean, 19:30ean. Argazkian, Josu Cerrato Ocerin.