Gaurko haizete gogorrek Astrabuduko eraikin batean jarritako aldamioa behera bota dute. EFE albiste agentziak Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren iturriak aipatuz zabaldu duenez, ezbeharrak kalteak eragin ditu kalean aparkatutako bi autotan eta zuhaitz batean, baina zauriturik ez da egon. Istripua goizeko 11:30ean izan da, Mezo kaleko bi solairutako etxe batean. Bestalde, kamioi batek kalean aparkatutako zortzi ibilgailu jo ditu Erandion, itsasadarreko errepidean, 15:00 inguruan. "El Correo Español" egunkariak zehaztutakoaren arabera, talkaren ondorioz, bi auto espaloiaren gainean geratu, zaramontzi bat txikitu eta eraikin bateko gas kanalizazioa apurtu egin dira. Aipatu hedabideak gaineratu duenez, zorionez, ez da gas ihesik egon, ezta zauriturik ere. Hala ere, auto ilarak sortu dira errepisdean. Argazkian, hainbat lagun aldamio baten ondotik igarotzen / cc-by Gonmi.