Sopelako Udalbatzak azken osoko bilkuran hala onartu ostean, Sopelako Udalak dei egingo die Urdulizen kokatuko den Uribe Kostako Eskualde Ospitalearen proiektu integralean parte hartzen duten erakunde guztiei, eskualdeko ospitalea Urdulizen kokatzearen ondoriozko "arazo guztiak" batera eta zehatz-mehatz aztertzeko, "konponbide zuzen, egoki eta neurrizkoen bila". Beraz, honako erakundeei dei egingo die Udalak: Urdulizko Udala, Osakidetza eta Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bizkaiko Garraio Partzuergoa. Proposizioa EHBilduren Udal Gobernuak aurkeztu zuen, eta onartua izan zen PSE-EEk emendakin bat sartu ostean. EAJk eta PPk aurka bozkatu zuten.
Egunero 2.700 erabiltzaile
Akordioan, Udalak "inguruko natura eta kultura ondarea errespetatuko duten konponbideak bilatzea" eskatzen die gai honetan parte hartzen duten erakundeei, batez ere funtsezko bi alderdi direla-eta: batetik, ospitale berrirako sarbideak: "garraio publikoaren erabilera hobetu eta sustatu behar da". Eta sarbide horiek eskualdeko sarean sartzea eta mantentzea. Izan ere, ospitalearen memoriaren arabera, Uribe aldeko 23 herritako 17.000 biztanleei zerbitzu emango die. Urtero, hurrengo zerbitzuak eskaintzeko eraiki da: 70.000 larrialdi, 144.000 kanpo kontsulta, 152.000 espezialitate kontsulta, 11.500 ingreso, 9.300 ebakuntza kirurgiko, eta beste 3.800 ebakuntza txiki. Datu horien arabera ospitaleak, egunero, 2.700 erabiltzaile izango ditu. Bertan lan egingo duten 800 langileez gain. Labur esanda, Galdakaoko ospitalearen zerbitzuen %80 izango ditu.