Osakidetza euskalduntzeko "neurri ausartak eta zehatzak hartzea" eskatu du Kontseiluak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ots. 12a, 13:52

Kontseiluaren baitan bildutako hainbat eragilek osaturiko osasungintzaren euskalduntzea lantzeko lantaldeak Osakidetza euskalduntzeko "neurri ausartak eta zehatzak hartzea" eskatu zuen atzo, otsailak 11, Donostian egindako agerraldian. Lantaldea iaz eratu zen eta Osasungintza Euskalduntzeko Erakundea, Euskal Herrian Euskaraz, Euskaltzaleen Topagunea, UEMA eta Behatokia erakundeek osatzen dute. Horrela, erakundeotako ordezkariek nabarmendu zuten euskararen normalizazio prozesuan Osakidetza bezalako zerbitzuen euskalduntzea "oso garrantzitsua" dela, batetik, egunero milaka herritarrek erabiltzen duten oinarrizko zerbitzua delako eta, bestetik, bertan milaka langilek lan egiten dutelako eta herritarren ikuspegitik osasun asistentzia oinarrizko eskubidea dela gogoratu behar dugu. "Ez dago osasun asistentzia duina jasotzerik berezko hizkuntzan ez bada. Ezaugarri horiek egiten dute berezi Osakidetza eta horiek bilakatzen dute lehentasunezko euskararen normalizazio prozesu orokorrean", azaldu zuten. Argazkian, eskualdeko osasun zentroetako baten, zehazki Algortako Alango aldekoa.

Garrantzia horretaz jabetuta, Kontseiluaren baitan bildutako hainbat eragilek sektorearen euskalduntzea lantzeko lantaldea eratu zuten iaz. Bertan biltzen dira Osasungintza Euskalduntzeko Erakundea, Euskal Herrian Euskaraz, Euskaltzaleen Topagunea, UEMA eta Behatokia. Agerraldian gogorarazi zuten orain dela hilabete gutxi onartu duela Osakidetzak euskalduntzeko plan estrategikoa eta hemendik gutxira tokian tokiko planak egiten hasiko direla. Horrela, plana aurkeztu zenean, "gure aldetik proposamen oso bat aurkeztu genion", eta, "erantzunik jaso ez dugun arren, gure aldetik, lankidetzarako beharra eta prestutasuna adieraztearekin batera, aipatutako lekuko planak garatzeak aukera berriak zabaltzen dituela mahai gaineratu nahi dugu".

"Lekuko plan horietan, plan orokorrak gutxieneko marko orokorra ezartzen du baina, hortik aurrera, ausartago jokatzeko aukera egon badago. Horregatik, gaurkoan, Osasun Sailari aurkeztu genizkion proposamenetatik abiatuta, plan horiek jaso beharko lituzketen oinarrizko elementuen inguruan hitz egin nahi dugu", jakinarazi zuten.

Kontratazio politika

Hasteko, normalizazio planek emaitza baikorrak izan ditzaten behar dituzten "helburu eta neurri zehatzak eta horiek gauzatzeko epe zehatzak" eskatu dizkiote. Horrela, 15 edo 20 epean langile eta zerbitzu guztiak euskaldunak izatea helburu izanik, "gaurdanik" kontratazio politikan aldaketak egin behar direla ziurtatu zuten. "Ez du zentzurik langileak euskalduntzera baliabide garrantzitsuak bideratzen diren bitartean euskaldunak ez diren langile berriak kontratatzeak. Euskaldun, elebidunak ez diren langileen iturria edo sarrera, noiz itxiko den erabaki beharra dago. Neurriak progresibotasuna izan beharko du eta urte batzuetan lan deialdietan euskarak meritu gisa duen balioa handitzen joan beharko da. Baina, epe bat jarri behar zaio", nabarmendu zuten.

Jadanik lanean ari diren langileei dagokionez, langileen euskara gaitasuna zein den ezagutu behar dela azpimarratu zuten, eta, behin hori ezagututa, langile guztiak euskalduntzeko "plangintza progresibo eta iraunkorra" jarri behar dela abian, "langileei euskara ikastaroetan parte hartu ahal izateko erraztasun eta pizgarriak eskainiz". Horiek ordezkatzeko kontratatzen diren langileak ere euskaldunak izan behar dira eta, horrela, zeharka bada ere, "finkoak ez diren langileen euskalduntzea sustatu".

"Bide horretan urratsak eginez, gutxienez B2 mailako euskarazko gaitasuna abiapuntu izanda, plangintzaldi honen amaierarako derrigorrezkotasun datak %100era eramateko bidea egin beharko da", adierazi zuten.

Zerbitzua

Halaber, Kontseiluaren iritziz, bezero euskaldunei euskarazko zerbitzua eman behar zaie "gaurdanik", eta horretarako, dagoeneko Osakidetzak proposatzen dituen zirkuituak baliatu behar dira. Horrela, euskaraz egin nahi dutenei eskubidea bermatuko zaie "egun dauden langile euskaldunen berrantolaketa baten bidez eta denborarekin zerbitzu guzti guztiak herritarrak euskaraz artatzeko gai izango dira". "Izan ere, zirkuituena progresibotasunaren baitan ulertzen dugu. Langileak euskaldundu ahala zirkuitu euskaldunetan txertatu eta ondotik espazio euskaldunak osatzen joan beharko dira. Prozesua amaitzean, langile eta espazio guztiak euskaldunak izango lirateke", azaldu zuten.

Bestalde, gaixoa ondoezik dagoenean nekez hasiko da zerbitzua euskaraz eskatzen, eta horregatik, Osakidetzaren sistema informatikoan, aurretik, aukera hau modu sistematikoan jasotzen hasteak "gauzak ikaragarri" erraztuko lituzke, Kontseiluaren ustez. Horrekin batera, langile euskaldunak identifikatzeak gaixoaren hizkuntza eskubideen bermea eta euskaraz artatua izateko nahia ahalbidetuko luke, eta, modu horretan, identifikazioak hiztun komunitateko kideon arteko komunikazioa erraztu, besteak beste, "lehen hitza euskaraz egin edo ez pentsatzen ibili beharra ekidinez".

Halaber, zerbitzu erakundeko konfiantzazko postuak erakundeak berak ondo funtziona dezan ezinbesteko diren bezala, "hauen inplikazioa eta eredua ere ezinbesteko da euskara plana garatu dadin". "Ondorioz, zerbitzuburuak, gainbegiraleak, prestakuntza arduradunak eta antzeko karguak hautatzean euskararen ezagutza kontuan izateak planaren garapena erraz dezake. Ahal den neurrian plaza hauei derrigortasun data jartzera jo beharko litzateke", adierazi zuten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun