Azaldu dutenez, lokala egokitzeko eta zerbitzua kudeatzeko kontratua iragan urrian esleitu zuen Euskal Herriko Unibertsitateak, lehiaketa publiko bidez eta 12 urterako. Ikasi eta Erosi 2013, SLk jaso zuen esleipena. Maria Elena Pazos Castro eta Jose Ignacio Erdaide Basterretxea ekintzaileek, Ikasi eta Erosiko bazkideak, Eroskiren babesa eta frankizien ereduan hamarkadaz-hamarkada pilatutako esperientzia jaso dituzte, bezeroei zerbitzurik onena emateko. "Apustu aitzindari honen bidez, unibertsitate-campusak inoiz eduki ez duen zerbitzu bat eskainiko da, langileek nahiz ikasleek eskola-orduez kanpo egin beharreko eguneroko zereginak erraztuko dituena. Hurbiltasuneko proposamena da, erosketa azkar eta erosoa egin ahal izatea eskaintzen duena, kontsumitzailea asebetetzeko lehentasunarekin", adierazi du Enrique Martinez Eroskiren frankizien zuzendariak.
Jakiak
Eskainiko diren jakiak fruta, barazkiak, aurrez prestatutako entsaladak, zukuak, fruitu lehorrak eta jogurtak dira, "guztiak ere funtsezkoak direnak dieta osasungarri bati heltzeko". "Horixe baita nortasun-adierazle nagusietako bat", EHUtik diotenez. Supermerkatuak elikagai-sorta handia eskainiko du, unibertsitarioen eta unibertsitateko langileen gustuetara eta beharretara egokituta. Aliprox berriak ogi-labea ere izango du, aukera emango duena egunean egindako okindegiko produktuak eskaintzeko. Gainera, urdaitegia eta drogeria ditu, salmenta libreko zerbitzuan.