We Are Standard talde getxoztarrak Ingalaterran sortutako The Clash punk rock musika bandaren omenezko diskoa kaleratuko du astelehenean, Eitb.com atariak aurreratu duenez. 2012ko abenduaren 29an Bilboko Kafe Antzokian eman zuten kontzertuaren ostean jaiotako proiektua da hau. "Day" lanaren grabazioa bukatuta zuten orduan, baina diskoa publikatu gabe zegoen oraindik. "Grabazioekin eta abesti berriak behin eta berriz entzutearekin nazkaturik, ideia bikaina izan zen beste talde baten kantuak abestea", getxoztarren esanetan. Aipatu kontzertuak izan zuen arrakasta ikusita, "We Are Standard plays The Clash" diskoa kaleratzea erabaki zuten, talde ingelesaren bederatzi abestirekin. Diskoarekin batera, zenbait zuzeneko ere iragarri dituzte. Martxoaren 7an, esaterako, Bilbao BBK Live jaialdiaren aurkezpen ofiziala girotuko du banda getxoztarrak, Bilboko Backstage aretoan. Argazkian, We Are Standardeko kideak / © Getxoko Kultur Etxea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!