Xabier Paya Ruiz bertsolari, Itzultzaile, bikoizlari, ikerlari eta irakasle algortarrak prestatutako "Ahozko euskal literaturaren antologia" lana argitaratu du
Etxepare Euskal Institutuak,
Berria.info agerkari digitalak zabaldu duenez. Ahozko euskal literaturak bere gaur arteko historia luzean emandako piezarik interesgarri eta esanguratsuenetako batzuk biltzeaz gain, haiek generoka sailkatzeko ardura hartu du, antologiaren egile gisa, Payak. Zortzi genero nagusi bereizi ditu horretarako: bertsolaritza (bat-bateko bertsolaritza eta bertso-paperak bereiziz horren barruan), koplak, genero epiko-lirikoa (herri lirika, narrazioak eta ele zaharrak, kantu epikoak eta baladak), herri antzerkia (pastorala, maskaradak eta irri antzerkia), heziketa generoa (haur jolasak, sehaska kantak eta igarkizunak), egunerokoak (txisteak, zirtoak eta atsotitzak), genero errituala eta genero aplikatuak (sermoiak eta beste). Herri tradizioko pieza askorekin batera, lehengo nahiz gaur egungo bertsolari ezagunenak ere jaso ditu algortarrak antologian, jatorrizkoan ez ezik gaztelaniara eta ingelesera itzulita. Argazkian, Xabi Paya 2008ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean.