"Gazta zati bat" filma emango dute bihar Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ots. 12a, 18:25

Getxoko Gure Esku Dago taldeak antolatuta, Jon Maia bertsolariak zuzendutako "Gazta zati bat" dokumentala Algortako Fadura kiroldegiko areto nagusian proiektatuko dute ostegun honetan, otsailak 13. Hitzordua 20:00etan jarri dute, sarrera debalde izango dela. Dokumentalak Idiazabal herrian hasi eta euskal gatazkaren gaia era berritzailean aurkeztuko du: gertakizun handien hurbileko begirada eskaintzen du, historia handia letra txikiarekin kontatzen du, gertutasunez, intimismoz, umorez... Giza faktorea azpimarratzen du eta historiaren eta albisteen kronika estereotipoetatik aldentzen da. Historiaren "making off"-a erakusten digu. Izen handien liluran erori gabe, herritar xumeengan jartzen du arreta. Iragan gatazkatsua eta iluna atzean utzi eta aurrera begira era positiboan jartzen gaituen istorioa da. Dokumentalaren iraupena 90 minutukoa da, eta euskaraz eskainiko da, espainolezko azpitituluekin. Jon Maia da filmaren zuzendari eta gidoigilea, eta musikaren arduradunak Xabier Solano eta Zigor Lanpre dira, Esne Beltzako Sound System-eko kideak. Argazkian, trikitilariak Eskozian jotzen, filmaren irudi batean / © Nazioen Mundua herri ekimena.

Sinopsia

Munduan bere gaztagatik ezaguna den Euskal Herriko herri txiki batean abiatzen da istorio hau. Herritar xume batzuk, Europako indarkeriazko azken gatazka politikoaren zauri eta banaketa guztien gainetik misio handi bati ekingo diote: munduan zer izan erabaki ahal izatea.

Abentura horrek Europan albiste nagusi bihurtuko diren bi herrien gertakizun historikoen lekuko zuzenak izatera eramango ditu: Eskozia eta Euskal Herria. Letra txikiz idatzitako historia handi bat. Etorkizunari begira jartzen gaituen aro berriko dokumental bat.

Gure Esku Dago

"Bizi dugun momentua kontutan hartuta, nazioa garela eta askatasunez gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula lau haizetara zabaltzeko" aurkeztu zen Gure Esku Dago, ekainaren 8an, Irungo Ficoba aretoan. Jatorria topatzeko, baina, urte batzuk lehenagora begiratu behar da, 2008ko San Blas egunera, Idiazabalgo Nazioen Mundua ekimena sortu zenean. Handik aurrera, "Gazta zati bat" dokumentalak izan duen oihartzunari esker, Nazioen Mundua ekimenak egin duen lana, Eskozia eta Kataluniako eragileekin izandako harremanak eta eremua Idiazabaldik Gipuzkoako Goierri bailarara handitu izana ezagutzera eman dira Euskal Herri osoan, eta ildo horri jarraituz hainbat herritan erabakitzeko eskubidearen aldeko herritarren dinamika piztu da, Gure Esku Dago sortzera eraman duena.

Gure Esku Dago plataforman parte hartzen dutenek 123 kilometroko giza katea egin nahi dute erabakitzeko eskubidearen alde ekainaren 8an, Iruñea eta Durango batuz. Hain kate luzea osatu ahal izateko, milaka katebegi behar dira, milaka herritarren sostengua eta konpromisoa. Uribe Kostan zehar herri ekimenak hainbat aurkezpen egin ditu, hala nola, Sopelan, Astrabuduan, Algortan eta Itzubaltzeta / Romon. Bestelako herrietan ere badira plataformako taldeak: Leioan eta Berangon, besteak beste.

Giza kateak ez ditu Euskal Herriko herri guztiak zeharkatuko; hortaz, eskualde bakoitzari ibilbidearen puntu zehatz batzuk egokituko zaizkio, eskualde horretako herritarrak puntu horietara joan daitezen giza katea osatzen dela ziurtatze aldera. Mobilizazioan parte hartu nahi dutenek bi bide dituzte horretarako: alde batetik, tokian tokiko plataformekin harremanetan jartzea dago. Plataforma bakoitzak zehaztuko die bere herriko lagunei ibilbidearen zein puntutan egon behar duten, datuak hartuko dizkie eta txartel bat emango die, hartutako konpromisoaren adierazgarri.

Parte hartzeko bigarren modua Interneten bidez da. Sarean Gureeskudago.net webgunean sartuta, giza katean parte hartu nahi duenak bere datuak eman beharko ditu, eta, eskualdearen arabera, automatikoki ibilbideko leku batzuk proposatuko zaizkio, horien artean bat aukera dezan. Interneten bidez izena ematen duenak badu beste aukera bat, "Hemen behar zaitugu" estekan klikatuta: bizilekuaren arabera egokituko litzaiokeen tokiaren ordez, betetzeko zailenak izango diren puntuetako batera joateko konpromisoa hartuko du aukera hori hautatzen duenak. Parte hartzaile guztiei bost euroko diru ekarpena eskatuko zaie.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun