Libre azokako soberako materiala salgai dago Abianen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ots. 13a, 12:33

Abenduaren 22an Libre Getxon plataformak epaiketa politikoen ondorio ekonomiko latzei aurre egiteko azoka egin zuen Algortako Txiki-Otaegi plazan. Bada, gaurtik igandera bitartean, soberako materiala salgai egongo da Abian kultur elkartean (Bidebarri 2), . "Azken aukera duzue borondatearen truke oparitxo bat eramateko. Ateratako diru guztia, nola ez, Libre kanpainiara zuzenduko da", azaldu dutenez. Espainiako Auzitegi Nazionalean otsailaren 4an egin zuten urrian abiatutako 26/11 sumarioko epaiketaren azken saioa. Horrenbestez, epaiaren zain gelditu dira Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izatea egotzita epaitutako 40 neska-mutilak, tartean Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarra dela. Bakoitzarentzat sei urteko espetxe zigorra eskatzen dute. Horretaz gain, hilaren 17an abiatu zen 35/02 sumarioko epaiketa. "Herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea" leporatuta, ezker abertzaleko 36 kide epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bost bat hilabetez iraungo dute ahozko saioek. 372 urteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak guztira; zortzi eta hamabi urte arteko zigorrak bakoitzarentzat. Akusatuen artean dira Jose Luis Franco zein Maite Amezaga algortarrak, Galdakaon bizi den Izaskun Barbarias urduliztarra, Karmelo Landa Leioa eta Erandioko campuseko Literatura irakaslea eta hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra. Argazkian, urtarrilaren 18an dozenaka lagunek erakutsi zieten Algortan elkartasuna Jose Luis Franco eta Maite Amezagari / © Libre Getxon.

Besteak beste, Franco eta Amezagari zortzina urteko kartzela zigorra eskatzen diete. Amezaga, adin txikiko bi seme-alabaren ama da eta eurak ez ezik, lanpostua bera ere utzi beharra dauka auzi saioetara joateko, Libre Getxon ekimenak salatu zuenez. Bestalde, Jose Luis Francok ez du epaiketako saioetara joan beharrik izango, konklusioak ematen diren azken egunean ezik. Algortarra adineko pertsona bat da eta bere osasun egoera dela eta, deklaratu behar duen saioetara baino ez bertaratzeko eskabidea egin zuen.

Jose Luis Franco 2002ko apirilaren 29tik 2003ko urriaren 28ra bitartean preso egon zen Navalcarneroko (Madril, Espainia) kartzelan eta Maite Amezaga 1998an, sei hilabetez, Avilakoan 18/98 sumarioa dela eta.

Halere, horiek ez dira Auzitegi Nazionalera joan behar izan duten lagun bakarrak. Izan ere, 35/02 sumarioko 36 auziperatuez gain, auzian sartutako herriko tabernak kudeatzen dituzten 110 kultur elkarteen presidenteak ere egon dira Madrilen, tartean zirela Josu Iratza, Christian Reinicke, Joserra Elkoroaristizabal, Angel Sedano, Josu Cerrato, Pedro Ruiz, Josu Iturburu eta Jon Aldatz Urdulizko Iretargi, Algortako Gorrondatxe, Leioako Kurkudi, Erandioko Hegoalde, Astrabuduako Egoki, Sopelako Mikelats, Itzubaltzeta / Romoko Branka eta Berangoko Sei Herri kultur elkarteen ordezkariak. Abokatuen eskaerari jarraiki, horiek ere deklaratu behar duten egunean eta azken saioan baino ez direla agertu beharko erabaki zuen epaileak. Akusazioen arabera, "ETA finantzatzeko ezinbesteko partaide" izanda ere, elkarte horiek eta euren ordezkariak ez daude auziperatuta, baina sozietateen ondasunak bahitzeko arriskua dago.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun