Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra Guardia Zibilak atxilotu zuen Madrilen 1981eko otsailaren 4an, eta bederatzi egun geroago, hilaren 13an, "komisariako infernua atzean utzi, baina Carabanchel espetxeko ospitalean sartu behar izan zuten benetan egoera tamalgarrian", errepresioaren kontrako eragileek aurreko urteetan gogoratu dutenez. "Bere gorputza ubelduraz eta erreduraz josita zegoen, eta gutxi iraun zuen bizirik. Otsailaren 13 hartako bere hitzek ongi adierazten dute Joxe Arregik pairatu behar izan zuena. 'Oso latza izan da' esan eta heriotzaren marra igaro zuen", gaineratzen zutenez. Gaur, osteguna, betetzen dira 33 urte gertaera hartatik. Hura gogorarazteko eta torturaren amaiera eskatzeko, Algortako Telletxen plazan, metro geltokiko sarreratik hurbil, eskuak atzean lotuta eta burua plastikozko poltsa beltzez estalitako panpina zuria jarri dute. Alboan jarritako pankartetako batean Franco diktadorearen karikatura ikus daiteke, "Si eres rojo y separatista, serás el próximo en la lista" esanez. Eta horren azpian, "Stor Tortura" leloa.