Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko hirugarren epaitegiak 46 urteko kartzela zigorra jarri dio Gorka Martinez Ahedo Urdulizko preso politikoari, "Deia" egunkariak zabaldu duenez. Baita 180.303 euroko kalte-ordainak ere. ETAren Bizkaia komandoko kide zela, Juan Maria Atutxaren aurkako bost atentatu saio egin eta Jose Carollo Rama Espainiako Armadako sarjentua hiltzen saiatu zela "frogatutzat" eman du urtarrilaren 23an epaitu zuen tribunalak. Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente, Herrizaingo sailburu eta buruzagi jeltzale izan da. Kazeta jeltzaleak dioenez, Martinezek ETAko kide izatea onartu zuen epaiketan. Ez du aipatzen, ordea, atentatu saiakeretan parte hartu izana ukatu zuela urduliztarrak. Fiskaltzak atentatu saiakerengatik jada zigortuta dauden Joseba Koldo Martin Carmona eta Lourdes Txurruka deklaratzera eraman zituen. Biek ala biek adierazi zuten Martinezek ez zuela afera horietan esku hartzerik izan. Argazkian, presoen aldeko mobilizazioa eskualdean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!