Behin, aldi berean elkarri esan genion bezala, apustu egin eta irabazi egin dugu! Intentsoa izan da gurea, sakona, unean unekoa, eta hau, erabat presente egonda bizitzea lortu dugu, gure burua biluzik eskaini diogu elkarri. Zintzotasunez, pasioz, komunikazio etengabez, genuena une oro baloratzen, eskertzen eta gozatzen. Elkar zenbat maite genuen adieraztearekin batera, elkar zelan maite genuen argi izan nahi izan dugu, esan eta modu konszientean bizi. Beldurrak gaindituz bizi izandako maitasuna, askeago egin gaituena, hazten laguntzen diguna, betetzen duena. Norberaren buruan oinarritua. Bakoitza bere motxilarekin, eskutik helduta, aurrera elkarrekin egitea erabaki genuen… bakoitzak bere erantzukizunak asumituta, bidea eta elkarren zaintza partekatzeko konpromisoz… eta zoragarria izan da. Baldintzak baldintza eta mugak muga, sinplea eta elegantea. Bidelagun ezin hobea izan zara maittia. Zure babes, konfiantza, konplizitate, inplikazio, laguntasun, onarpen, esker on, errespetu eta begirune osoa izan ditut… maitasuna. Begiratu ez ezik, ikusi egin nauzu. Inork ez nau zuk bezala ulertu, laztana, askotan nik neuk baino hobeto. Zu eta nire burua ezagutu eta ezagutzera emateko parada eskaini didazu, zutaz eta nire buruaz gozatzekoa… izatekoa… libre. Eta elkarri eskainitakoa hartu, eskertu eta etengabe baloratu. Mila esker bihotzez, gozada bat izan da, gozada bat izan zara, zuk hainbestetan esan doztazun moduan, "zelako harro naon".
Gure azken elkarrizketan elkarri esan genion bezela: "kriston indarra emoten doztazu, eskerrik asko hor egoteagatik" "eskerrik asko hor egoten lagatziarren, pittin", "maitte zaitut pila bat", "dana", "dan dan dana".
Gauza asko lapurtu dozkuez… gehiegi… dena ez baitago gure esku… nahi eta ezinak agortu zaitu, amorruak lehertu… baina ni, piztutako guztiarekin, gure esku dagoenarekin geldituko naiz, ikasi eta ikasten ari naizenarekin, eta batez ere, zure, nire, gure, ingurukoen, herri, zein herritarrei deutzagun eta dozkuen maitasunaren indarrarekin egingo dot aurrera… maitasuna da bide bakarra… guk, maitasunetik egiten dogu borroka… osasuna, askatasuna eta maitasuna! jtk!
Aniaiz Ariznabarreta Ibarluzea Arkaitz Bellon Blancoren bikotekideak "Berria" egunkarian plazaratutako gutuna.