Udal Gobernuko kideek ere gogoratu zuten "gaur egun Sopelako kaleak ez daudela prest eskualde osoko trafikoa jasotzeko". Gaineratu zutenez, "Olabide kale amaieran eraiki gura duten errepidea, eraikitzekotan, ez du Sopelako Udalak ordainduko, eskualde-sistema izan behar duelako".
Arazo honi "konponbide integrala" bilatzeko asmoz, Sopelako Udalak gonbitea luzatu die proiektuan inplikatuta dauden gainontzeko erakundeei bilera bat antolatzeko. Aipatu bilera egitea udalbatzak onartu zuen, Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EAJ eta PPren kontrako botoekin.
Auzokideak ere, oso kezkatuta
Kaltetuak izan daitezkeen auzoetako bizilagunak ere oso kezkatuta agertu ziren ospitalearen sarbideekin. Udalak zabaldu duenez, auzokideen ekarpen batzuk ondokoak izan ziren:
- Kezka agertu zen Gatzarriñe kalean eraikiko den bidegorriarekin, trafikoa nabarmen handitzen bada arriskutsua izan daitekeelako umeentzat bidegorria erabiltzea.
- Argi eta garbi azpimarratu zen ospitalea eraiki den gunea ez dela egokiena, ez duelako inolako sarbiderik eta eraikita izan den gunea babestu behar zelako.
- Egoera nahiko konplexua dela agertarazi zuten, ospitalea jada eraikita dagoelako eta ez dutelako konponbide bideragarririk ikusten.
- Ingurumena errespetatuko duen eta auzokideen bizi-kalitatea bermatuko duen konponbidea bilatu behar dela adierazi zuten.
- Hainbat auzokidek gogoratu zuten gaur egun Gatzarriñe eta Enrike Urrutikoetxea kaleetan trafiko-arazoak daudela, eta trafikoa handituko balitz orduan egoera askoz zailagoa izango litzatekeela.
- Olabide kalean hainbat semaforo jarri behar direla nabarmendu zuten, abiadura gutxitzeko, eta inondik inora ezin direla badenak kendu.
- Azpimarratu zuten proposatutako bidea (Olabide kalea) ez dela egokia eta beste bide bat topatu behar dela.
- Hainbat auzokidek adierazi zuten ospitalearen trafikoa hortik bideratzekotan bertako auzokideen bizi-kalitatea jaitsiko dela (kutsadura, zarata, arriskua, eta abar) baina biderik errazena hautatu dutela.
- Auzokide batek proposatu zuen “Sopelako saihesbidea” eraiki behar dela, hots, pasarelaren errotondatik errepide bat eraiki behar dela Ripa kaleraino, Manene zeharkatuz.
- Auzokideek txalotu zuten Udalak beste erakundeak bilera batera deitzea konponbide bat denon artean bilatzeko.
- Oinezkoei lehentasuna eman behar zaiela nabarmendu zuten.
- Udalak bilera antolatu izana eskertu zuten, informazioa jaso zutelako eta euren iritzia emateko aukera eman zutelako.