Getxo udalerriko jai batzordeak: "Gutun irekia PPri"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ots. 15a, 23:14

Lerro hauen bidez, Getxoko PPk 2013ko azaroaren 26an Osoko Bilkuran aurkeztutako eta abenduan prentsaren aurrean defendatutako mozioari gure aurkakotasuna adierazten diogu. Mozioak jaien ordenantza berria sortzea proposatzen du eta, bertan, alderdi horrek Getxoko jaien eta horiek antolatzen ditugun jai batzordeen inguruko balorazio irreala egiten du. Jarraian gure argudio eta ideiak aurkeztuko ditugu: 1.Onartzen dugu gure lanari egiten zaion kritika oro, eta horrela jokatu dugu beti. Gure izaera parte-hartzaileak horretara bultzatzen gaitu. Era berean, onartu eta errespetatu egiten dugu Getxoko PPk gure eginkizuna betetzeko erarekin bat ez etortzea; hala ere, mozioa gure iritzia kontuan hartu gabe eta, are gehiago, gurekin inolako kontakturik izan gabe edota mozioa aurkeztuko zuteneko informazioa eman gabe bilkuran plazaratzea errefusatzen dugu. Kritikak jasotzeak gure erantzuna emateko eskubidea ekarri behar du. Hortaz, hurrengorik egonez gero, gaizki esanak zuzenean ezagutzea gustatuko litzaiguke. Argazkian, Iñaki Gamero, Marisa Arrue, Eduardo Andrade eta Jesus Toca-Toña zinegotzi popularrak artxiboko irudian.

2.Jai batzordeok jai ekintzen ugaritasuna gure gain hartzeko gai ez gareneko duten ideia zentzugabekeria da; izan ere, gu gara auzo eta herrietako eragile, taberna, denda eta biztanleekin batera ekintzak sortu eta antolatzen ditugunok. Ugaritasun hori gure esfortzu eta lanaren ondorio zuzena da, eta hortaz, aski gai ikusten dugu gure burua erronka horri aurre egiteko.

3.Gure jaiak parte-hartzaileak eta herrikoiak dira herritik eta herriarentzat sortuak diren heinean. Gure antolatzeko era asanblearioa da, eta guztiei irekita. Lan egiten dugu herri-talde guztiekin kontatzeko; herri-sektore batzuek jai batzordeetan presentzia gehiago izatea herri-sektore horiek jaiak antolatzeko prestutasun handiago duteneko seinale da soilik. Urtero gure asanbladak ahalik eta pluralagoak izateko lan egiten dugu. Era berean, jaiak antolatzean, herri-sektore guztiei zuzendutako eskaintza egiten dugula uste dugu (gazteak, umeak, adinekoak...).

4.Aipatu dugun gure antolatzeko era asanblearioa parte-hartze eta pluraltasunaren aldekoa dela uste dugu, jaietan interesa duten guztiei zabalik baitago, eta pertsona orok du aukera bertan parte-hartzeko, ideiak aurkezteko, kritikak egiteko eta abar. Horren harira, PPk proposatzen duen Batzorde Mistoa gure eredua baino parte-hartzaileagoa izatea zalantzan jartzen dugu, eta are gehiago, gure izaera herrikoia (herritik sortutako mugimendua garen heinean) izateko gaitasuna mantentzea zail ikusten dugu.

5.Gainera, Algortako Saninazioak “nolabait udalerriko berezko jaiak” direla iradokiz, lantzean behin gure udalerritik norbaitek paseatzen duen “Getxoko Aste Nagusiaren” mamua berpiztu nahi izan dute. Guk horretaz ez dugu ezer jakin nahi.

6.Batzorde Mistoaren eredua, bere bilakaera, alde on eta txarrak dituena, Bilboko Aste Nagusitik "copy-paste" eginez ekarri du PPk, jai eredu ezberdin bat “de facto” proposatuz. Halere, PPk ez du begiratu Bizkaiko festarik nagusiaren, Bilboko auzoetako ospakizunen eta Getxo udalerriko herri eta auzoetako jaien egoerak zeintzuk diren, eta dena nahastu egin du. Ahaztu dute, nonbait, gaur egun Bilboko auzoetako jai batzordeek hamaika arazo dutela ospakizunak aurrera eramateko eta Batzorde Mistoa ez dela horietan sartzen. Elkarlana eta laguntza izateko Bilboko jai batzordeek beraiek Auzotarrok koordinadora osatu dutela ere ez omen daki PPk. Auzotarrok koordinadorak erakusten dituen sinergia, elkarlana, pluraltasuna eta aliantzen ereduan bai dagoela erreferente aurkitzea.

7.Bestalde, parte-hartzea sustatzearen alde mintzatu bai, baina alderdikrazia indartzea da PPk sostengatzen duena. Egun gure auzoetako festetan esku hartzen ez duten alderdi politikoak jaiak antolatuko lituzkeen balizko Batzorde Misto horren erdian egongo lirateke, dena kontrolatuko luketeela. Gainera, proposamena alderdi politikoek sinesgarritasunik eskasena bizi duten garaian egiten dute.

8.Galdera ikurra jarri behar diogu ere PPk Batzorde Mistoan parte hartzeko proposatu dituen “interes sektoreak” delakoei. Berriak omen. Zeintzuk dira sektore horiek? Izan ere, guk orain arte ezagutu ditugu jaiak bultzatzeko interesa duten sektoreak: auzokideak, gazteak, sortzaileak, artistak, dantzariak, musikariak, bertsolariak, kirolariak, koadrilak, abesbatzak, ostalariak, jubilatuak, sukaldariak, elkarteak eta abar luze bat, baina horiek jada lan egiten dute jai batzordeen barruan edo haiekin batera.

9.Bestalde, Alderdi Popularrak jai eredua aldatzeko proposamena apaintzeko behin eta berriro jai batzordeen lana eskertzen duela esan duenez, gogoratu behar diogu eskerrak eman baino hobe dela lan egiten uztea. Izan ere, azken boladan, urte batean bai eta hurrengoan baita ere, Algorta, Itzubaltzeta / Romo eta Areetako jai batzordeen aurka oinarririk gabeko salaketa publikoak egin dituzte beren izen ona zikintzeko, batzuetan mundu guztia terrorista deneko histeria kolektibotik eta beste batzuetan adingabekoak eta alkohola aitzakiatzat hartuta. Itzubaltzetako kasuan, PPk lau haizeetara zabaldutakoak urte osoko desgaste psikikoa, Espainiako Auzitegi Nazionalean auziperatuta egotea eta gure kideen defentsan milaka euro gastatzea ekarri du, gero absolbituta irten direnean, “barkatu” xume bat ere entzun ez dutela.

10.Azkenik, eta gauza positiboak gogoratzea nahiago dugula, aurreko paragrafoan idatzitakoaz baino gurago dugu oroitzea Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramailearen alabak gure festetan dantzatu duen aldiez eta herriko jaiei ekarritako beren harri koxkorragatik berari eta dantza taldeetako beste kideei jotako txaloez. Bide horretatik arazorik ez dugu izango elkarrekin lan egiteko.

Laburbilduz, jai batzordeok gure egiteko erak eta gure izaera herrikoi, parte-hartzaile eta plurala defenditzen dugu, Getxoko PPk horiek zalantzan jarri arren. Eta gure asanbladak kritika eta ideia berri guztiei zabalik daudela gogoratu nahi dugu; noiz eta non biltzen garen jakitea erraza da (eta behin eta berriz gogorarazten diogu herriari).

Gora Getxoko Jai herrikoiak!

Getxo udalerriko herri eta auzoetako jai batzordeak (Algorta, Areeta, Getxo, Hezetasuna, Itzubaltzeta / Romo, Neguri Langile, Portu Zaharra, Santa Ana eta Zubilleta)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun