Ciaranek oroitu bezala, Josu Cerrato pertsona oso aktiboa zen: "nik beti ezagutu dut lanean, herrian egon den guztian parte hartzen, auzokideen elkartean, gai politikoetan, udaletxean, langabetuen asanbladan, edozein kontuan, baina beti lanean, herrian". Bera Bilbo Zaharretik Astrabudura heltzean ezagutu zuen Cerrato. "Nabarmentzen zen pertsona zen, lan egiteko ahalmenagatik eta buruz ongi jantzia zelako; bazekien zer nahi zuen, eta oso antolatua zen" dio izenkideaz. Cerrato bertan zela, bere ahaleginez eta hamaika lagun gehiagorenaz auzokide elkarteak hainbat gauza eskuratu zuen herriarentzat, tartean garrantzi handia izan zuten kontsultategia eta plaza.
Josu Cerrato, Karl Marx eta kartaboiz jarritako kartelak
Lehenengo herriko tabernan ere bat egin zuten topo Cerrato eta Ciaranek, gerora biek ala biek herriko taberna hura zegoen kaleari Karl Marx ofizialki deitzea lortu zutela. Halere, Josu Cerratoren ideia izan zen Egoki kultur elkarteak alokatuta zuen lokala utzi eta egungoa, leku hobean dagoena, erostea. Horrela egin zuten eta lan eskerga egin zuen jende askok, "izerdi patxetan", urte horietan mailegua ordaintzeko. Garai horiek etengabeko jardueran ematen zituzten eta, Ciaranek gogoratzen duenez, "maratoi-bilerak" ere egiten zituzten, "gauerdira artekoak". Lantzean behin, Josu Cerratok barran edo sukaldean txanda egiten zuenean, gainera, Los Panchos-en abestiak entzun behar zituzten, asko gustatzen baitzitzaizkion.
Udaletxean, zinegotzi zirela, "'honi merezi duen baino denbora gehiago ematen diogu' esaten genuen" oroitzen da Ciaran, Cerrato horren erantzule zela aipatuta: "Josuk zuen iritziz, gauzak edo ondo egiten ziren edo hobe zen ez egitea eta gauzak egin behar zirenez...".
Asteazkenean argi gelditu zenez, pertsona konprometitua zen Josu: "edozein mugimendu, erakunde edo lanarekin konpromisoa hartzen zuen". Adibidez, kartzeletara bidaiak egiteko "bera beti zegoen lehenengoa prest joateko, etortzeko, behar zena, inolako arazorik gabe". Arreba espetxean zela, Etxeraten aritu zen eta ahalegin handiak egin zituen bertan.
Ciaranen ustez, Josuk gurasoengandik jaso zuen bere izaera, horiek ere "primerakoak" zirela, lan pila egin zutela. Eta Josuz harro zeuden "auzoan egiten zuen lanagatik".
Era berean, Josu ez zen ekonomikoki aberastu eta ez zuen karrera profesional bat jarraitu. Kimikan lizentziatua izanik, langabetuen asanbladarako lanean aritu zen eta bertan egonda garbiketa lan bat eta eraikuntzako beste bat lortu zituen. Izan ere, "guztien alde lan egitea" nahiago zuen.
Ciaranek ezagutu zuen beste esparru bat, ezker abertzaleko kartelak jartzeko taldea izan zen. Lau lagun zeuden, "guztion artean, 200 urte", eta horrelakoetan, asteazkenero, oso arduratsua zen Cerrato, lan-gaiak txukun prestatu ostean, "kartel guzti-guztiak zuzen-zuzen jarri behar genituela. Apur bat okertzen bazinen errieta botatzen zizun", aipatzen du irribarretsu: "kartaboiz jarri behar genituen!". Halere, ondo pasatzen zuten eta barreak egiten zituzten.
Azken boladan, LABeko pentsionisten taldean zebilen, jada osasunez ez zegoela ondo, baina leku guztietara joan eta lan egiten zuen betiko martxan saiatzen zela.
Gaur, 60 urtetan herriari emandakoa saritzen saiatuko dira bere auzokideak.