Getxoko Udaltzaingoak auto bateko gidaria atxilo eraman zuen atzo, igandea, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa delitua egotzita. Ustez J.J.G.G. Portugaleteko 20 urteko gizonezkoak eragin zuen ziklomotor baten gidariaren heriotza ekarri zuen istripua, udal iturriek adierazi dutenez. Ezbeharra atzo 23:00etan gertatu zen Algortan. Tokiko poliziaren bertsioaren arabera, Uribe Kostako barnebideko irteeratik zetorrela eta Txakursolo kalera heldu aurretik, noranzko beretik zihoan ziklomotor bat atzetik jo zuen Euskal Herria kaletik zihoan ibilgailu batek. Oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik izandako talkaren ondorioz, ziklomotorraren gidaria, Getxo udalerrian bizilekua duen 52 urteko gizonezkoa eta V.N.D. inizialduna, errepideko babes-hesiaren gainetik amildu zen beheko Garbigunera. Berehala hil zen. Getxoko Udaltzaingoa ikerketa lanak egiten ari da istripuaren nondik norakoak argitzeko, eta Getxoko Goardiako Epaitegira bidaliko ditu. Bitartean, J.J.G.G. urteko portugaletearra epailearen aurrera eramateko zain dago. Argazkian, Getxoko udaltzain bat.