Hondakinei Aurrea Hartzeko Astea deritzon ekimenaren barruan, Europa mailako sariketa egingo dute maiatzean Erroman. Hain zuzen ere,
Ekogune Uribe Kostako Mankomunitatearen Iraunkortasun Sailaren “buKata Rolla” aukeratu dute, beste hirurekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) ordezkatzeko. Otartekoak, sandwichak, gailetak, fruta… eramateko bilgarri ekologiko eta berrerabilgarriarekin batera, sarirako hautagai ere izendatu dituzte ondokoak: Mungiako Bigarren Hezkuntzako Institutua, Goierri deritzon Osasun Erakunde Integratua (OSI) eta SEUR. Joan den asteazkenean, otsailak 12, banatu zituzten Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren areto nagusian aipatu hautagaitzak egiaztatzen zituzten diplomak,
Mankomunitateak berak zabaldu duenez. Anabel Landa aipatu tokiko erakundearen presidenteak hartu zuen frogagiria, Ekoguneren izenean. Argazkian, Anabel Landa hitza hartzen joan den asteazkeneko ekitaldian / © Uribe Kostako Mankomunitatea.