"
Berria" eta "
Gara" egunkariek elkarrekin prestatutako galdereei erantzun diete Marixol Iparragirre eta Jon Olarra Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) mintzaideek. Aipatu bi kazetek gaur argitaratutako
elkarrizketan, EPPK-k kolektiboko presoak banan-banan Euskal Herrira eramateko eskatu duela jakinarazi dute: “EPPK subjektu aktiboa izateko, ezinbestekoa da kide guztiak espetxe berean egotea. Halaxe, bada, Espainiako ziegetan gauzkatenok Zaballako espetxera lekualdatzea eskatuko dugu, eta Frantziako Estatuetako espetxeetan gauzkatenok etxetik gertuen dagoen kartzelan biltzea”. “EPPK osatzen dugun kide guztiok, modu indibidualean, gure alea jartzeko asmoz, Euskal Herriratzeko eskaerak abian jarriko ditugu. Guztiok batera egin beharrean, egoeren eta kartzela urteen araberako sailkapen bat egin dugu”, jarraitu dutenez. Iparragirre eta Olarraren hitzetan, “premiazkoa eta lehentasunezkoa da” egoera larriak amaitzea. “Hori dela eta, larriki gaixo direnen eta 70 urtetik gorakoak direnen kaleratzea ahalbidetuko lukeen eskaera egingo dugu”. Egun Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten lagunen artean Uribe Kostako 27 bizilagun dago. Horietatik bost Frantziako espetxeetan dira eta gainontzekoak Espainiakoetan. Argazkian, presoen aldeko manifestazioa Algortan, artxiboko irudian.