Sopelako Udalak hitzarmena sinatu du Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), aipatu udalerrian herritarren parte-hartzearen inguruko diagnositkoa eta ikerketa egiteko. "Orain arte, Sopelako Udalak hainbat bide zabaldu ditu herritarren parte hartzea ahalbidetzeko. Ikerketa honekin, gaur egun dauden bideak bultzatzea eta bide berriak zabaltzea da asmoa, herritarren parte-hartzea erraztuz eta batez ere, herrian parte-hartze kultura handituz", azaldu dute tokiko arduradunek. Horretarako, Udalak “Partaidetza eta Komunitate-Garapena” masterreko ikerketa talde bat izango du. Talde horretako kideak aipatu masterraren ikasleak dira, eta beraz, ikerketa euren ikasketa-prozesurako baliogarria izango da. Masterraren koordinazioa Parte Hartuz taldeak egiten du. Horrek demokrazia parte-hartzailea lantzeko hainbat proiektu garatu ditu, eta esperientzia eta formakuntza ezberdineko pertsonek osatzen dute: ikertzaileak, irakasleak, bekadunak, kolaboratzaile adituak, eta abar. Zientzia Politiko, Soziologia eta Hezkuntza Sailetako kideek parte hartzen dute tade horretan, eta hamar urtetan demokrazia parte-hartzailea sustatzeko hamaika prozesu bultzatu dituzte. Argazkian, udaletxean egindako herri bilkura bat, artxiboko irudian / © Sopelako Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!