Toti Martinez de Lezea Itzubaltzetan mintzatuko da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ots. 18a, 19:02

Toti Martinez de Lezea idazle arabarrak emakumeei eta literaturari buruzko hitzaldia emango du datorren martxoaren 6an, osteguna, Itzubaltzeta / Romon. Gizatiar Areeta eta Itzubaltzeta / Romoko emakumeen elkarte soziokulturalak antolatuta, solasaldia San Jose elizako areto nagusian egingo dute, espainolez, arratsaldeko 6:15etik aurrera. Antolatzaileek iragarri dutenez, mintzaldiaren ostean, Martinez de Lezearen azken liburuak erosi ahal izango dira, idazleak aleak sinatuko dituela. Herriko Gobelaurre liburudendak ekimena babestu du. Sortzaileak hizpide izango duen gaia ez da berria berarentzat. Izan ere, makina bat alditan jorratu du euskal geografian zehar. Era berean, 2007ko maiatzean, artikulu labur batez ekin zion, "Mujeres y literatura" izenpean. Bertan, azken 2.600 urtetan izandako hainbat emakume idazle garrantzitsuren berri eman eta jendartean zabaldutako aurreiritzi matxistak salatu zituen. Argazkian, Toti Martinez de Lezea artxiboko irudian / cc-by-nc-sa Deustuko unibertsitatea.

Toti Martinez de Lezea Gasteizen jaio zen 1949an. Idazlea da, euskaraz zein espainolez, eta itzulpengintzan ere aritzen da. Izan ere, ingelesetiko, frantsesetiko eta alemanetiko itzulpengintzako ikasketak egin zituen. Telebistako gidoilaria eta aktorea ere bada, eta Kukubiltxo antzerki taldearen sortzaileetako bat izan zen 1978an eta bost urte eman zuen konpainian. Larrabetzun bizi da egun.

Eleberri historikoa landu du bereziki, eta arlo horretan arrakasta handia lortu du Euskal Herrian. Haur literatura ere egin izan du. 1980ko hamarkadan, ETBrentzat haur eta gazteentzako saioetarako gidoiak idatzi zituen, euskaraz, bai eta saioak zuzendu ere. Bitartean. "Euskal Leiendak" bildu eta argitaratu zituen 1986an. 1992an, itzulpen lanetan murgildu zen.

1998an bere lehen eleberria idatzi zuen, arrakasta handikoa, "La calle de la Juderia", XV. mendeko Gasteizko familia judu baten bizitza kontatzen duena. Harrezkero, arrakasta handiko eleberri asko idatzi ditu, genero historikoaren barruan denak. Hona hemen horietako batzuk: "Las torres de Sancho" (1999), Nafarroako errege Antso Handiaren garaian kokatua; "La Herbolera" (2000), Durangoko sorgin-ehizari buruzkoa; "Señor de la guerra" (2001), Euskal Herriko Erdi Aroko alderdi gerrei buruzkoa; "La abadesa" (2002), Fernando V.a Katolikoaren sasi alaba baten bizitza kontatzen duena; "Los hijos de Ogaiz" (2002), Lizarrako XIV. mendean kokatua, izurri beltzaren garaian; "La voz de Lug" (2003), K. a. I. mendean kokatua, asturiar eta kantabriarren arteko gerren garaian; eta "La comunera" (2003), XVI mendearen hasieran kokatua, Gaztelako Komunitateen aldekoen eta Espainiako koroaren arteko gerraren garaian; "A la sombra del templo" (2005); "La cadena rota" (2005); "La brecha" (2006), 1813ko Donostian kokatua; "Placeres reales" (2008); "La flor de la argoma" (2008); "Perlas para un collar" (2010), "La Universal" (2011), "Veneno para la Corona" ("Pozoia Koroari", 2011); "Mareas" ("Urak dakarrena"), euskal kostaldeko 35 emakumeren istorioak hizpide hartzen duena (2012); eta "Itahisa" (2013).

Gazte literatura ere landu du, genero historiko horren barruan baita ere: "El mensajero del rey" (2002), Antso Azkarra Nafarroako erregeak Marokora egindako bidaia kontatzen duena; "La hija de la luna" (2003), Zugarramurdiko sorginen epaiketari buruzkoa; "Antso Nagusia: Baskoien errege handia" (2003); baina, batez ere, ezaguna egin da Juan Luis Landa marrazkilariarekin batera sortutako Nur neskatoari esker. 2008an argitaratu zuten lehen liburua, "Nur eta irlandar gnomoa" eta pasa den Durangoko Azokan seriearen hamargarrena, "Nur eta kobazulo liluragarria", aurkeztu zuten. Liburu guztiak euskaraz eta espainolez argitaratu dituzte eta sagaren lehena dagoeneko ingelesez eta katalanez ere atera dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun