Ertzaintzak Erandio eta Leioako 18 eta 25 urte arteko lau gizonezko atxilotu zituen atzo arratsaldean, 19 urteko beste mutil bat legez kanpo atxikitu eta horri mehatxuz lapurtu zein kalteak eragitea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren
Segurtasun Sailaren arabera, igandean 21:00 inguruan hasi ziren gertaerak Leioan. Polizia iturriek diotenez, bi "ezagun" hurbildu zitzaizkion aipatu gazteari bere etxeko ataritik gertu eta, horietako batek lepotik heldu ostean, beste bi mutilek lagunduta furgoneta batera sartzen behartu zuten; handik Erandioko Goikolanda plazara eramateko. Bertan, ibilgailutik jaistera behartu eta, behin belauniko jarrita, aurpegian ukabilkada eta ostikada eman omen zizkion erasotzaileetako batek, zorretan zituen 500 euroak bueltatzeko esaten zion bitartean. Horren ostean, MP4 erreproduzitzailea eta agiriak sartzeko plastikozko zorroa lapurtu zizkion morroi berak.