Eta ez da kasu bakarra. Gauza bera egin dute, adibidez, Bizkaiko Fruiz, Galdakao, Laukiz, Leioa, Lemoa, Lemoiz edo Otxandio-ko udalek ere. Herri-izen guztiotan, apur bat begiratuz gero behintzat, ondo konturatuko garenez, fonetika-fenomeno bera gertatu da: bokal arteko –n– kontsonantea galdu da. Eta horrelako kasu asko aurkitzen ditugu, gainera, Euskal Herriko geografia osoan ere: Arabako Miñao (erdaraz Miñano), Zerio (Ceriano), Gipuzkoako Arroa (Arrona), Oikia (Oiquina), Lazkao (Lazcano) edo Nafarroako Alduate (Aldunate), Dorrao (Torrano) edo Taxoare (Tajonar). Ageri denez, bokal arteko –n– sinpleak galtzeko joera hau oso zabaldurik dago euskaraz... eta portugaleraz ere bai. Izan ere, gaurko Lisboa lehenagoko Lisbona formatik dator, eta hala esaten eta idazten zen antzinako gaztelanian. Gogoan izan, bestalde, ingelesek eta frantsesek antzinako –n– hori oraindik gordetzen dutela (ingelesez, Lisbon; frantsesez, Lisbonne).
Gurera itzulita, euskal filologiak irakasten digunez, euskara zaharrak bi –n– mota zituen. Bata gure oraingo –n– modukoa ei zen, eta eboluzioaz gaurko euskaran desagertua da (koroa < corona, katea 'cadena' < catena, limoi < limone), ardao < *ardano edo h hasperendu bilakatu da iparraldeko euskalkietan: ahate < latinez anate, ohore
Euskaldunok, zoritxarrez, joan den mendearen azkenera arte ez dugu izan geure eskoletako irakaskuntzan hemengo hizkuntza eta bere historia jatorrak ikasteko aukerarik, eta, horren ondorioaz, bidezkoa izan ez arren, ulertzekoa da gure jende gehienek bertoko kultura eta tradizioak ez jakitea. Hori dela eta, herriko ondare kulturala berreskuratzean, kasu honetan egin den bezala, Udalak euskal izena ofizialki jarri duenean, komenigarria litzateke, eta herritarrek segur asko benetan eskertuko dute, aldaketa edo berrezarpen horren atzean dagoen historia ere argiro azaltzea, oraindik egin ez badute behintzat, auzo guztiek arazoa argi ulertu dezaten.
Gogoratu, bestalde, oinarrizko kultura izatea norbere inguruko gauzen berri jakiten hasten dela, eta ez dela seinale ona, adibidez, Katmandu, Manila edo Tegucigalpa mapan kokatzen bai, baina gure ohiko bizitokiaren izen jatorra zein den ez jakitea.
Xabier Kintana euskaltzainak pasa den igandeko "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua