Ostegun honetan, otsailak 20, 11:00etan, Leioa eta Erandioko campuseko Liburutegi Nagusiko lehen solairuan,
EHUren lehenengo Ikasletxea inauguratuko dute. Unibertsitateko iturriek azaldu dutenez, "ikasleek diseinatu duten eta beraiek kudeatuko duten topagunea, aisialdiarekin eta ikasketekin zerikusia duten mota guztietako ekimenak burutzeko erabiliko da". Besteak beste, erakusketa, hitzaldia, tailerrak, jolasak, eta abar. Era berean, jantoki bezala ere erabili ahal izango da. Leioa eta Erandioko campuseko Liburutegi Nagusiko lehen solairuan kokatuta dagoen toki horren helburuetako bat, "ikasleen arteko harremanak eta, baita, ikasleen eta beraien aisialdiaren artekoa, sustatzea eta erraztea da", EHUtik gaineratu dutenez. Inaugurazio ekitaldian izango dira Iñaki Goirizelaia EHUren errektorea, Ander Feijoó Bizkaiko Ikasleen Kontseiluko presidentea eta Carmelo Garitaonandia EHUren Bizkaiko Campuseko errektoreordea. Argazkian, Leioa eta Erandioko campuseko Liburutegi Nagusiaren eraikina / © EHU.