GALen erailketak hizpide izango dituzte bihar Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ots. 19a, 13:35

Asteartean, otsailak 25, beteko dira 30 urte GALek Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre” 29 urteko errefuxiatu leioztarra erail zuenetik. Hori gogoratzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Leioako Ernaik eta Sortu Leioak, azken horrek Facebook sare sozialaren bidez zabaldu duenez. Dagoeneko erakusketa jarri dute Kurkudi herriko tabernan. Ostegunean, hilak 20, "GAL: 30 urteko zigorgabetasuna" hitzaldia izango da toki berean, Mikel Aramendi kazetariaren eskutik. Hitzordua 19:30ean jarri dute. Otsailaren 25ean, berriz, manifestazio batek zeharkatuko ditu Leioako kaleak, 20:00etan Bulebarretik abiatuta. Azkenik, martxoaren 2an, igandearekin, Gutierrez Salazar hil zuten tokira joango dira; Mendi-ra, alegia. Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre” 1984ko otsailaren 25ean erail zuten, errefuxiatu talde batekin Zuberoako Idauze-Mendi udalerriko baserri batean zegoela. Euskara ikasketen atsedenaldian baserriaren atarira irten zenean tiro bat jaso zuen eta bertan gelditu zen hilik. Hilketa GALek beregain hartu zuen, baina orain arte inor ez da akusatua izan bere heriotzagatik. Argazkian, GAL erakundeak eraildako Eugenio Gutierrezi omenaldia, artxiboko irudian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun