Intsumisioak kolpe hilgarria eman zion bokazio militarrari. Horren froga da ejerzito espainiarraren profesionalizatze-prozesuak zailtasun handiak izan zituela errekrutatze garaian, beste herrialde batzuen aldean. Erantzun antimilitaristak eragin zuen Estatuak aurreikusitako tropetarako kideen kopurua zorrotz gutxitu behar izatea. Intsumisioa agenda politikoan sartu zen, ejerzitoarekiko aldentze soziala handitu zen, eta albo-ondorio gisa legezko kontzientzia-eragozpen eskaerak izugarri igo ziren, sistema bete arte eta ordezko prestazioa ezinezko bilakatuz. Hala ere, intsumisoek ez zuten garaipen gisa hartu zerbitzu militarraren bukaera: oraindik ere bide luzea dago ejerzitoa erauzteko, armagintza-industria suntsitzeko, gastu militarra desagertzeko eta antimilitarismoak baditu beste hainbat egiteko, justiziaren hobe beharrez. .
Intsumisioaren legatua adierazgarria da: erakutsi digu desobedientzia zibila praktikan jar daitekeela eta biolentzia ezaren bitartez modu eraginkorrean borrokatu daitekeela. Gizarte mugimendu askorentzako erreferentea izan da, eta gaur egun mugimendu horiek ere planteatzen eta praktikatzen dute ezbiolentzia. Bestalde, eskarmentuak erakutsi digu maila kolektiboko estrategiak eta antolaketak ejerzitoa bezain indartsu diren instituzioak kinka larrian jar ditzakeela.
Esperientzia desobedientearen oroimenak desafioz betetako bideari aurre egiteko laguntzen digu. Gaur egungo munduak gure erantzuna eta gure borroka eskatzen ditu: boteretsuak gero eta botere gehiago dute, eta ejerzitoak erabiltzen dituzte haien interes ekonomikoak dauden lekuetan haien baldintzak inposatzeko. Lorpen sozialak desegiten dira aurrekontu militarrak neurri gabe handitzen diren bitartean; urrun lehertzen diren bonbak hemen ekoizten dira oraindik, alegia, gerra hemen bertan hasten da. Insumisioak erakutsi dizkigu gehiegikerien aurrean borroka egiteko tresnak: desobedientzia, biolentzia eza eta sen ona, irudimen askorekin eta antolaketa kolektiboarekin. Eta eraginkorrak direla gogorarazten digu.
Kontzientzia Eragozpen Mugimendua (KEM)