Espainiako Auzitegi Nazionalaren Zigor Arloko bigarren epaitegiak atzera bota du Guardia Zibilak
urtarrilaren 8an atxilotu zituen EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren zortzi bitartekarien abokatuek aurkeztutako helegitea, "ihes egiteko eta berriz ere delitu bat egiteko arriskua" dagoela argudiatuta,
Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Hori dela eta, behin behinean kartzelan jarraitu beharko dute Lemoizen bizi den Arantza Zulueta abokatua eta gainontzeko zazpi euskal herritarrak. Concepción Espejel, Ángel Hurtado Adrián eta Clara Bayarri epaileek ez dute defentsa letraduek aurkeztutako argudioetako bat baloratu nahi izan. Izan ere, abokatuek diote zortzi lagun horien kontrako zigorra "neurrigabea" dela "gaur egungo egoera politikoan, hain zuzen ere, ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu duela iragarri ondoren". Magistratuek gaur plazaratutako autoan azaldutakoaren arabera, "haiek ez dira nor une politikoaren testuingurua baloratzeko, eta bere eginbeharra delitu zantzurik egon den argitzea da". Argazkian, urtarrilaren 9an, Sortuk deituta, 73 auzokidek salatu zuten Erandion aurreko egunean Guardia Zibilak EPPKren 8 bitartekari atxilotu izana.