"Barikuetan jai" egitasmoa ostiral honetan, otsailak 21, izango da bueltan jai erraldoiarekin,
Leioako Udalak jakinarazi duenez. Barandiaran institutuko patioan, 17:30etik aurrera, hainbat ekintza izango dira txikientzat zein gurasoentzat. Horretaz gain, martxoan izango den txangorako izena emateko aukera izango dute gaztetxoek. Irteera, euskarazkoa eta doakoa, Gasteizera izango da, izotz-pistara, eta 2002 eta 2008 bitartean jaiotako umeentzat izango da, tokiko iturriek zehaztu dutenez. Goizeko 9etan irtengo dira Leioatik eta Gasteizko izotz pistara joango dira patinatzera. Ondoren, Salburuako parkean bazkalduko dute, eta bide batez jolasak egingo dituzte eta hainbat animali ikusteko ibilbide berezia egingo dute parkean bertan. Azkenik, 18:00etan bueltatuko dira Leioara. Argazkian, ume eta gurasoak dantzan / cc-by Egizu Getxo Euskaldun!