“Libre. Epaiketa politikorik ez” lelopean, Sopelako Martxa Laranja deitu dute larunbat honetarako, otsailak 22, eguerdiko 12:30ean udaletxeko plazatik abiatuta. Horretan, kolore laranjaz jantzita eta oinez, bizikletaz edo patinez parte hartzeko deia egin dute,
Sopela.net agerkari digitalak zabaldu duenez. Urrian 35/02 eta 26/11 sumarioen epaiketak abiatu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Alde batetik, Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasuneko ordezkari izandako 36 lagun eta 110 elkarte epaituak izaten ari dira, tartean Sopelako Mikelats herriko taberna. Auzipetuen artean ere badira Jose Luis Franco zein Maite Amezaga algortarrak, Galdakaon bizi den Izaskun Barbarias urduliztarra, Karmelo Landa Leioa eta Erandioko campuseko Literatura irakaslea zein Goizane Pinedo Zuzenbideko ikasle gasteiztarra eta hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra. Aldi berean, 40 gazte independentisten auzia jadanik bukatuta dago eta sententziaren zain. Neska-mutil gehienek Guardia Zibilaren eta Poliziaren eskuetan tortura gogorrak jaso izana salatu zuten. Gazte horien artean da Xabier de la Maza gorliztarra. Argazkian, otsailaren 2ko eskualde manifestazioa Algortan / © Sopela.net