Bertso eta literatuta emankizuna izango da gaur Altzagan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ots. 20a, 19:22

"Kafkaren aulkia" emankizuna ikusgai egongo da gaur, osteguna, Altzagako azoka zaharrean. Saioa 20:00etan izango da, sarrera doan. Ekitaldiak ordu eta erdi inguruko jarduna txirikordatuko dute Oier Guillan idazleak eta Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolariek, Pello Ramirezen txeloaren eta akordeoiaren doinuen gainean. Hitza izango da emanaldiaren ardatza: hitz idatzia eta kantatua, neurtua eta laua, bat-batekoa eta patxadaz hausnartutakoa. Bertsolarien jarduna inprobisatua izango da eta idazleak sorturiko kontakizunean txertatuko da hark agindu ahala, Lanku Bertso Zerbitzuek azaldu dutenez. Idazlearen emana eta bertsolarien ekinaldiak txandakakoak izango dira eta, musikariarekin batera, emankizun oso bat eratuko dute. Argazkian, Egaña, artxiboko irudian.

Idazleak osatuko du emankizunaren ardatz izango den kontakizun nagusia, berak hautaturiko genero, molde eta tonuan. Narrazioak askotarikoak izango dira, idazle bakoitzaren estiloaren araberakoak: poema-errezitaldiak, ipuinak, hitzaldi literarioak, nobela bateko pasarte hautatuak... Bertsolariek pertsonaia literarioen ahotik zein euren ahots propiotik kantatuko dute, narrazioari koloreak, atmosferak eta kanpo-begiradak gehituz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun