Astearte honetan, otsailak 25, beteko dira 30 urte GALek Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre” 29 urteko errefuxiatu leioztarra erail zuenetik. Hori gogoratzeko, hainbat ekitaldi egiten dabiltza Leioako Ernaik eta Sortu Leioak, Facebook sare sozialaren bidez zabaldu dutenez. Erakusketa jarri dute Kurkudi herriko tabernan. Eta joan zen ostegunean "GAL: 30 urteko zigorgabetasuna" hitzaldia izan zen toki berean, Mikel Aramendi kazetariaren eskutik. Bihar, berriz, manifestazio batek zeharkatuko ditu Leioako kaleak, 20:00etan Bulebarretik abiatuta. Azkenik, martxoaren 2an, igandearekin, Gutierrez Salazar hil zuten tokira joango dira; Mendi-ra, alegia. Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre” 1984ko otsailaren 25ean erail zuten, errefuxiatu talde batekin Zuberoako Idauze-Mendi udalerriko baserri batean zegoela. Euskara ikasketen atsedenaldian baserriaren atarira irten zenean tiro bat jaso zuen eta bertan gelditu zen hilik. Hilketa GALek beregain hartu zuen, baina orain arte inor ez da akusatua izan bere heriotzagatik. Argazkian, GAL erakundeak eraildako Eugenio Gutierrezi omenaldia, artxiboko irudian.