Asteazkenetik (otsailak 26) aurrera, eta hilabete batez gutxi gorabehera, Algortako San Nikolas kaleko zati bat itxi egingo dute ibilgailuentzat. 27.4. Egikaritze-Unitatea urbanizatzeko proiektuaren II. fasean aurreikusitako lanak direla eta, itxiko dute kalea. Bertan zenbait etxebizitza ari dira eraikitzen, Getxoko Udalak zehaztu duenez. 90 bat metroko bide-tartea itxiko da, Artibai eta Abasota kaleen artean, batez ere, asfaltatze eta hormigoia botatzeko lanak egiteko. Itxiera dela eta, Etxeandia Artzapezpikua eta San Nikolas kaleetan sartzeko autoek Errementeriena eta Basaldua kaleetatik joan beharko dute. Eta horretarako, honako aldaketa hauek egingo dira zirkulazioan: batetik, zirkulazioaren bi noranzkoak ezarriko dira Artibai kalean, San Nikolas eta Basaldua kaleen arteko zatian. Eta bestetik, San Nikolas eta Etxeandia Artzapezpikua kaleetara joateko Basalduatik Artibaira sartzen diren ibilgailuek izango dute lehentasuna pasatzeko. Argazkian, eraikuntza lan batzuk, artxiboko irudian.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!