Ostiral honetan (otsailak 28) hasi eta, bi asteburuz, martxoaren 9ra arte luzatuko dira inauteriak Algortan. Tokiko jai batzordeak antolatutako egitarauari, Utopian zentroak prestatutako "Bi" izenburuko desfilearen (antzerkia, perkusioa, dantza...) entsegu irekiak emango dio hasiera. Etzidamu jarri dute hitzordua San Nikolas plazan, 18:00etan, parte hartu nahi duten guztientzat. Larunbat eta igandean, hurrenez hurren, erraldoi eta buruhandien zein euskal inauterietako kalejirak izango dira, 12:30etik aurrera, Agurra dantza taldearen eskutik. Bada, aurreko urteetan ez bezala, asteburu bakarrean izango dira ume eta "nagusientzako" ekitaldiak Algortan. Martxoaren 7an, tailerrak, txokolatada eta dantzaldia egongo dira txikientzat. Eta hurrengo egunean, larunbatarekin, ospatuko dute mozorro txapelketa; egun osoan zehar, jaitsiera, Utopian zentroaren aipatu desfilea, koadrilen bazkaria, ginkana-poteoa tabernaz taberna, elektrotxaranga herrian zehar eta 3 gabe 2 taldeak girotutako dantzaldia izango direla. Hain zuzen ere, taldekako mozorro txapelketan izena emateko aukera dago martxoaren 7ra arte, Kantxa Kirol Moda (Morotxo) dendan, Torrene kaleko 4. zenbakian. Bestalde, martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna denez, ohiko kalejira (19:30ean, Telletxetik) eta ekitaldia (San Nikolas plaza) ere egitarauan sartu dituzte. Argazkian, "irteera marran" dira inauteriak Algortan / cc-by Algortako Jai Batzordea.