Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak gaurko, asteazkena, hitzordua du
Jon Sarasua bertsolari eta irakaslearekin. Leioako
Ongi Etorri euskaltzaleon topalekuan izango da, 19:00etan, bere azken saiakera-liburuari buruz berba egiteko: “Hiztunpolisa: euskaltasunaren norabideaz apunteak”. Aretxabaletakoa Kazetaritza ikasi zuen Bilbon. 1996an "Bi begiratu euskarazko kazetari hizkerari" lanarekin doktoratu zen. Bertsolaritzaren munduan oso gazte sartu zen. Eskoriatzako Almen Ikastolako bertso-eskolan ibili zen lehen. 1981ean, Gipuzkoako Eskolarteko txapelketa irabazi zuen eta 1984ean berriro irabazi zuen. Euskal Herriko Bertsolari txapelketako finalista ere izan zen 1986an, 19 urte zituela. Bere anaia Aitor Sarasuarekin "Fauna txiki bat bertso berritan" diskoa kaleratu zuen (Elkar, 1995). 2002. urtera arte Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko komunikazio arduraduna izan zen. Gaur egun plazatik erretiraturik, Mondragon Unibertsitatean irakasle dabil, Huhezi fakultatean. Argazkian, Bilboko Kafe Antzokian ere aurkeztu zuen bere azken lana Jon Sarasuak / cc-by Kafe Antzokia.