Ostegun honetarako, otsailak 27, batzar irekira deitu ditu herritarrak preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko Algortako herri bilguneak. Hitzordua 20:30ean izango da bihar, Abian kultur elkartean (Bidebarri 2). Errepresaliatuen aldekoek adierazi duenez, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa gatazkaren konponbidean pausuak ematen jarraitu du, baina "estatuek bere horretan" diraute: "Espetxeko bizi baldintzek (isolamendua, miaketa bortitzak, jipoiak...) berdin jarraitzen dute". Bestalde, "espetxeak hil egiten du. Urtebeteko epean, hiru preso hil dira: orain gutxi, Arkaitz Bellon elorrioarra; Anjel Figueroa algortarra iazko martxoaren 14an, zigorra etxean betetzen ari zela; eta Xabier Lopez Peña martxoaren 30ean, Fleury espetxean ondoezak eman ondoren". Azkenik, "astebururo bizia arriskuan jartzen dute presoen senide eta lagunek, errepideetan", salatu dutenez. Hori dela eta, ondokoa bota diete herritarrei: "Ez al duzu ezer esateko? Ez al duzu ezertxo ere egingo? Etor zaitez batzar irekira!". Bitartean, Itzubaltzeta / Romoko herri bilguneak ere biharko deitu du batzar orokorra, aipatu eragileak Facebook sare sozialaren bidez zabaldu duenez. 19:30ean izango da, Etxe Merkean. Argazkian, Algortan hilaren 6an ziren egitekoak, baina
Asier Bellon preso elorrioarraren heriotza zela eta, bertan behera utzi zuten / cc-by Algortako herri bilgunea.