Beste urte batez,
Getxoko Udalak ostalaritza establezimenduak zarratzeko ordutegia luzatuko du inauterietan Algortan eta Itzubaltzeta / Romon, "krisiaren eraginez zailtasun handiak jasaten ari den sektorearen ekonomia jarduerari laguntzeko". Horrela, ostiral eta larunbat hauetan, lehenengo multzoko tabernak (kafe-dastalekuak, izozki dendak, txurro dendak...) 02:30era arte egon ahal izango dira zabalik; bigarren multzokoak (kafetegiak, tabernak...) 04:30era arte; hirugarren multzokoak (pub-ak, klub-ak...) 06:00ak arte; eta laugarren multzokoak (diskotekak...) 08:00ak arte. Ordutegi hori bera ezarriko da martxoaren 7an eta 8an, baina
Algortan bakarrik. Izan ere, ohiko lez, Algortako Jai Batzordeak antolatutako egitaraua bi asteburuz luzatuko da.
Itzubaltzeta / Romon, berriz, larunbat honetan (martxoak 1) ospatuko dituzte aratusteak, Zasi Eskola dantza taldeak, Ziztu Bizianek, Itzubaltzeta gaztetxeak eta Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako Jai Batzordeak antolatuta. Mozorrotzeko gaia Euskal Inauteriak izango dira. Bestalde,
Getxon, igandean (martxoak 2) egingo ditu jarduerak Itxas Argia dantza taldeak; eta
Areetan martxoaren 8an Berantzagi dantza taldeak. Argazkian, parrandazalea gauaz gozatzen.