Leioako Udalak eta Maritxu Teilagorri kultur elkarteak otsailaren 28an eta martxoaren 4an ospatuko diren Inauterietarako egitaraua prest dute jada. Egun horietan, nagusientzako eta haurrentzako mozorro lehiaketak egingo dira, besteak beste. Ostiralean, adin guztietarako jarduerak izango dira: tailerrak eta puzgarriak txikienentzat (17:00) eta txokolatada (19:00), Euskal Etxeen plazan. Nagusientzako mozorro lehiaketaren desfilearen (22:00) ondoren, berriz, Basajaun taldeak girotutako dantzaldia (22:30) eta mozorro lehiaketaren sari-banaketa (23:00) egingo dira, Ikea Barri plazan, lehen egun honetako egitaraua osatzeko. Martxoaren 4an, asteartean, txikienak izango dira protagonista. Goizean, umeentzako parkea (11:00) eta “Kiki eta Koko: ate magikoa” ikuskizuna (12:30) egongo dira Kandelazubieta kiroldegian. Horretaz gain, inauteri torradak banatuko dituzte (13:30) goizari amaiera emateko. Argazkian, Euskal Etxeen plaza gainezka Maritxu Teilagorrik aurreko urte batean antolatutako jolasetan / cc-by-nc-sa Maritxu Teilagorri.