Uribe Kosta eskualdeko gainontzeko herrietan ez bezala, bi asteburu barru, martxoaren 15ean, ospatuko dituzte inauteriak Berangon. Aurtengo edizioan piratak izango dituzte oinarri ospakizunek, udal webgunearen bitartez jakinarazi dutenez. Horrenbestez, aipatu egunean izango da jaitsiera, Kalejira Berangoetako kultur etxetik abiatuko da 18:00etan, udal pilotalekuan amaitzeko. Bitartean, parte-hartzaileek beraien mozorro eta makillajeen originaltasuna erakusteko aukera izango dute. Neska-mutil asko kultur etxeak hilean zehar egindako tailerretan (ludoteka eta ludokluba) ibili dira jantziak prestatzen eta, horiek, 18:30ean egingo dute desfilea. Haurrentzako txokolatada (18:40) eta diskotxikia (19:00) ere izango dira frontoian. Amaitzeko, adin guztietarako disko festa egingo dute, 20:00etatik 22:00etara. Argazkian, pirata taldea / cc-by-sa jlmaral.