Obretako aurreko ibilgailua Saharara bidali du Sopelako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ots. 27a, 12:23

Sopelako Udaleko Obretako Brigadak erabiltzen zuen ibilgailua Saharako errefuxiatu kanpamenduetara bidali zuten joan den larunbatean (otsailak 22), Sahararekin elkartasunez antolatzen den X. Euskal Karabanaren baitan. Azken urteetan, tokiko erakundeak Dora herrixkan eguneko zentro baten eraikuntza eta mantenimendua sustatu ditu. "Bertako arduradunek Udalari jakinarazi dioten legez, nagusiek arazoak dituzte zentrora heltzeko, eta beraz, beharrezkoa ikusten dute ibilgailu bat izatea", azaldu dute. Zentroaren arduradunek gaur egun erabiltzen ez den ibilgailu bat lagatzea eskatu zioten Udalari. Ohikoa da erakunde publikoek erabiltzen ez dituzten ibilgailuak lankidetza-garapeneko programen bidez atzerrira bidaltzea. 2013an, Sopelako Udalak Obretako Brigadarentzat ibilgailu berri bat erosi zuen, “lur orotakoa", aurreko ibilgailuak 15 urte baino gehiago zituelako. Beraz, kotxe zaharra berri batengatik ordezkatu du Udalak. Dorako Eguneko Zentroko arduradunen iritzia jaso ostean, Udalak aipatu ibilgailua bertara bidaltzea erabaki zuen. Aldez aurretik, Udalak hainbat konponketa burutu zituen autoan, bertan konpontzeko beharrik izan ez dezaten. Lagatzea Nuyum elkarte sopeloztarraren bidez burutu da, eta Udalbatzak onartu egin zuen. Bilduk (7) alde bozkatu zuen, EAJk (7) kontra, eta PSE-EE (2) eta PP (1) abstenitu egin ziren. Azkenean, alkatearen kalitate-botoak lagatzea egitea utzi zuen. Argazkian, Saharara bidalitako ibilgailua / © Sopelako Udala.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun