Atfal Sahararen aldeko elkarteak, Sahararen aldeko Euskal Karabana solidariorako 7 tona jaki batu ditu oraingoan,
Getxoko Udalarekin elkarlanean. Iaz baino tona bat gehiago. Elikagaiak udalerriko hezkuntza zentroetan eta merkatalgune batean aurrera eramandako kanpainan batu dituzte. Gainera, aurten Getxoko Futbol Eskolak 400 kamiseta, petoak eta 30 baloi eman ditu errefuxiatuen kanpamenduetara eramateko. Horretaz gain, gaur, otsailak 27, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zuten 38 urte betetzen den eguna dela eta, saharar bandera eskegi dute Getxoko udaletxean, aipatu herritarrekiko elkartasuna agertu eta beren giza eskubideak, zibilak eta politikoak, aldarrikatzeko. "Bandera aldrebes jarri da, saharar herriak pairatzen duen egoera errefusatzeko, sahararrek protesta modura egiten duten moduan", azaldu dute udal arduradunek. Argazkian, ordezkari politiko getxoztarrak Sahara eta ekialdeko Europako umeei ongi etorria ematen udaletxean.