Udaletik ari direla esanez "dei faltsuak" jaso dituzte Leioako hainbat adinekok

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ots. 27a, 12:42

Leioako Udaltzaingoak abisu garrantzitsua zabaldu du, azken asteotan udalerriko hainbat adinok dei faltsuak jasotzen ari direlakoan. "Udalaren partez deitzen dutela esaten dute etxez etxeko zerbitzuak eskaintzeko", azaldu dute tokiko iturriek. Hori dela eta, dei horiek ez direla Udaletik egiten ohartarazi dute, "udal zerbitzu hauek ez direlako inoiz ere telefonoz eskaintzen". Udaltzaingoak adierazi duenez, azken asteotan herriko hainbat pertsona nagusiek dei susmagarriak jaso dituzte. Dei horietan, antza denez, Udalaren partez ari direla ziurtatzen dute, nagusiei zuzenduriko etxez etxeko zerbitzuak eskaintzeko. Udal Gizarte Zerbitzuetatik azpimarratu denez, "mendekotasuna duten nagusiei zuzendutako doako hainbat udal zerbitzu badaude leioaztarrentzat, baina inoiz ere ez dira telefonoz eskaintzen". Interesduna izan behar da Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jarri behar dena kasu hauetan. Beraz, Udaltzaingotik dei horiek arriskutsuak direla ohartarazi dute, eta leioaztarrei gomendatzen diete mota horretako deiei uko egitea. Horrelako dei bat jaso bezain laster Udaltzaingoari (944 008 021) deitzea eskatu zaie herritarrei. Argazkia: © Leioako Udala.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun