Joan den asteartean, otsailak 25, bete ziren 30 urte GALek Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre” 29 urteko errefuxiatu leioztarra erail zuenetik. Hori gogoratzeko, 50 lagun batu ziren herenegun Bulebarrean lehenengo, eta Tigre plazan ondoren, oraindik orain Leioako semea tirokatu zein horretarako agindua eman zutenak epaitu eta zigortu gabe jarraitzen dutela salatzeko. Bada, erailketaren egiletza "PSOEko arduradunei" egotzi zieten Leioako Ernaik eta Sortu Leioak. Aipatu bi erakundeak deitutako ekitaldiei amaiera emateko, igande honetan, martxoak 2, Gutierrez Salazar hil zuten tokira joango dira; Mendi-ra, alegia. Autobusa goizeko 9etan abiatuko da Leioatik, Ipar Euskal Herritik 17:00etan bueltan ateratzeko. Txartelak eskura daude Kurkudi herriko tabernan. Argazkian, GAL erakundeak eraildako Eugenio Gutierrezi omenaldia, artxiboko irudian.