Besteak beste, ondoko ospakizunak izango dira:
Altzaga, Astrabudua eta Erandio Landa
Azken urtetan bezala, asteburu berean izango dira Erandioko Udalak zein auzo ezberdinetako elkarteek antolatutako Inauteriak. Horrenbestez, Altzagan ostiral eta larunbat artean banatu dituzte haurrentzako jarduera, musika saio, txokolatada eta mozorro lehiaketak. Astrabuduan egun bat gehiagoz, igandera arte, luzatuko dira. Erandio Landan ere otsailaren 28an eta martxoaren 1ean izango dira ekitaldiak. Ohiko lez, Goi-Alde taldeak euskal inauterietako dantzak egingo ditu larunbatean, 18:30etatik aurrera, Euskadi plazan jarritako karparen pean. Astrabuduan beste horrenbeste egingo dute Trabudu dantza taldeko kideek, ostiralean, 19:30etik aurrera. Bestalde, aipatzea dagoeneko salgai daudela "Lumagorri" haurrentzako dantzaldirako sarrerak. Saioa etzi izango da, 18:30ean, Altzagako azoka zaharrean. Txartelak 2 eurotan eskura daitezke Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean eta Erandioko udaletxean, Kultura Sailean.
Barrika
Larunbat honetan, martxoak 1, inauteriak ospatu dituzte Barrikan, tokiko Udal Kultur Aretoak antolatuta. Horrenbestez, 18:00etatik aurrera, makillaje tailerra eta haurrentzako jokoak egongo dira frontoian. Eta, horien ostean, familia giroko diskofestari hasiera emango diote. Jaiari amaiera emateko eta indarrak berrizteko txokolatada herrikoia egongo da, non gerturatutakoek txokolate beroa eta bizkotxoak hartzeko aukera izango duten. "Eguraldi kaxkarra izatekotan, festa Nagusien Etxeko instalazioetara igaroko da", azaldu dute udal iturriek.
Berango
Uribe Kosta eskualdeko gainontzeko herrietan ez bezala, bi asteburu barru, martxoaren 15ean, ospatuko dituzte inauteriak Berangon. Aurtengo edizioan piratak izango dituzte oinarri ospakizunek, udal webgunearen bitartez jakinarazi dutenez. Horrenbestez, aipatu egunean izango da jaitsiera, Kalejira Berangoetako kultur etxetik abiatuko da 18:00etan, udal pilotalekuan amaitzeko. Bitartean, parte-hartzaileek beraien mozorro eta makillajeen originaltasuna erakusteko aukera izango dute. Neska-mutil asko kultur etxeak hilean zehar egindako tailerretan (ludoteka eta ludokluba) ibili dira jantziak prestatzen eta, horiek, 18:30ean egingo dute desfilea. Haurrentzako txokolatada (18:40) eta diskotxikia (19:00) ere izango dira frontoian. Amaitzeko, adin guztietarako disko festa egingo dute, 20:00etatik 22:00etara.
Getxo udalerria
Beste urte batez, Getxoko Udalak ostalaritza establezimenduak zarratzeko ordutegia luzatuko du inauterietan Algortan eta Itzubaltzeta / Romon, "krisiaren eraginez zailtasun handiak jasaten ari den sektorearen ekonomia jarduerari laguntzeko". Horrela, ostiral eta larunbat hauetan, lehenengo multzoko tabernak (kafe-dastalekuak, izozki dendak, txurro dendak...) 02:30era arte egon ahal izango dira zabalik; bigarren multzokoak (kafetegiak, tabernak...) 04:30era arte; hirugarren multzokoak (pub-ak, klub-ak...) 06:00ak arte; eta laugarren multzokoak (diskotekak...) 08:00ak arte. Ordutegi hori bera ezarriko da martxoaren 7an eta 8an, baina Algortan bakarrik. Izan ere, ohiko lez, Algortako Jai Batzordeak antolatutako egitaraua bi asteburuz luzatuko da. Itzubaltzeta / Romon, berriz, larunbat honetan (martxoak 1) ospatuko dituzte aratusteak, Zasi Eskola dantza taldeak, Ziztu Bizianek, Itzubaltzeta gaztetxeak eta Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako Jai Batzordeak antolatuta. Mozorrotzeko gaia Euskal Inauteriak izango dira. Bestalde, Getxon, igandean (martxoak 2) egingo ditu jarduerak Itxas Argia dantza taldeak; eta Areetan martxoaren 8an Berantzagi dantza taldeak.
Gorliz
Inauteriak ospatzeko ekitaldiak ostiral honetan, otsailak 28, hasiko dira Gorlizen. Ohiturari eutsiz, etzi, euskal inauteri ikuskizuna eskainiko du Aratz Dantza Taldeak, 18:30etik aurrera. Urtero, zanpantzarrek lagundutako kalejira egin (Ibarretatik abiatuta) eta, ondoren, Eliz plazan erretzen dute Miel Otxin. Dantza eta txokolatada ere izan ohi dira. Larunbatean, berriz, diskofesta eta txokolate jana egongo dira Ibarreta plazan, 18:00etatik aurrera.
Leioa
Leioako Udalak eta Maritxu Teilagorri kultur elkarteak otsailaren 28an eta martxoaren 4an ospatuko diren Inauterietarako egitaraua prest dute jada. Egun horietan, nagusientzako eta haurrentzako mozorro lehiaketak egingo dira, besteak beste. Ostiralean, adin guztietarako jarduerak izango dira: tailerrak eta puzgarriak txikienentzat (17:00) eta txokolatada (19:00), Euskal Etxeen plazan. Nagusientzako mozorro lehiaketaren desfilearen (22:00) ondoren, berriz, Basajaun taldeak girotutako dantzaldia (22:30) eta mozorro lehiaketaren sari-banaketa (23:00) egingo dira, Ikea Barri plazan, lehen egun honetako egitaraua osatzeko.
Martxoaren 4an, asteartean, txikienak izango dira protagonista. Goizean, umeentzako parkea (11:00) eta “Kiki eta Koko: ate magikoa” ikuskizuna (12:30) egongo dira Kandelazubieta kiroldegian. Horretaz gain, inauteri torradak banatuko dituzte (13:30) goizari amaiera emateko. Arratsaldez, berriro ere, umeentzako parkea (16:00), "Disko txiki" ikuskizuna (17:00) eta umeentzako mozorro lehiaketan parte hartu dutenen desfilea (18:30) izango dira. Horren sariak 19:00etan banatuko dituzte.
Lemoiz
Lemoizen ostiral (otsailak 28) arratsaldean ospatuko dituzte inauteriak pilotalekuan. Tokiko jai batzordeak antolatuta, 17:00etatik 19:30era puzgarriak izango dira haurrentzat. 17:30ean, berriz, txiki zein nagusientzako aerobitoia abiatuko dute. Hori bai, guztiek mozorrotuta joan beharko dute. Egitarauarekin jarraituz, 19:00etan sabelak berotzeko aukera egongo da, txokolate gozoaren bitartez. Jaiari amaiera emateko, 20:00etarako, disko festa antolatu du Lemoizko Jai Batzordeak.
Sopela
Martxoko lehenengo asteburua oso berezia izango da Sopelan. Izan ere, Karolina Egun ezaguna eta Inauteriak ospatuko dituzte asteburu berean, eta beraz, herrian hamaika ekitaldi izango dira, udal iturriek jakinarazi dutenez. Horrenbestez, larunbatean, martxoak 1, Bizkaiko VII. Karolina Egunaren ospakizuna helduko da. Bizkaiko Gozogintza Elkarteak eta Sopelako Salerosle Elkarteak antolatzen dute, Sopelako Udalaren lankidetzarekin. Aurreikusitako programa 11:30ean hasiko da, ludoteka eta umeentzako tailerrekin. Gainera, txu-txu tren batek Sopela gora eta behera zeharkatuko du jaia auzo ezberdinetara gerturatuz. Giroa alaitzeko, kalez kale fanfarrea bat ibiliko da. Baina zalantza barik, ekitaldirik garrantzitsuena 12:00etan helduko da: 3.000 karolina baino gehiago banatuko dituzte debalde udaletxeko plazan.
Asteburu horretan bertan, gainera, Sopelako inauteriak ere ospatuko dira. Larunbatean, 18:30ean txokolatada izango da, eta 19:00etatik aurrera, Akerbeltz taldearen dantzaldia udaletxe plazan. Egun honetan (eta ostiralean), tabernek ordu bi beranduago ixteko aukera izango dute, Udalak itxiera ordutegia luzatu duelako.
Martxoaren 2an, berriz, desfilea eta diskoteka egongo dira 18:00etatik aurrera, Larrabasterrako Urko kiroldegian.