Eusko Jaurlaritzaren
Segurtasun Sailak itsasaldeko arriskuagatik eta olatuen altueragatik gaur, eguerdiko 12etatik bihar larunbata, martxoak 1, goizeko 7ak arte, ezarritako
alerta laranja dela eta, oinezkoak igarotzea debekatuko dute Arriluzeko moilatik farora, Algortan,
Getxoko Udalak jakinarazi duenez. Era berean, ekaitzaren garapenaren arabera, Ereagako pasealea ere itxi dezakete, Turismo Bulegoko egoitzatik Portu Zaharrera arteko zatian; baita zirkulazioa ere, Ola jatetxetik Portu Zaharrera, bi norabideetan. Gauza berbera egingo dute bihar, 15:00etatik 19:00etara bitartean. Getxoko Udaltzaingoa eta Babes Zibila aipatutako tokian izango dira, prebentzio neurri bezala, tokiko arduradunek adierazi dutenez. Herritarrei, berriz, hurrengoak gomendatu zaizkie: kostaldeko arriskuko uneetan hondartzetatik zein haize indartsuen eraginez sor daitezkeen olatuen eragina jasan dezaketen bestelako guneetara ez hurbiltzea; itsasontziak ez erabiltzea eta beren loturak begiratzea; itsas kirolik ez praktikatzea; itsasora ezertarako ez sartzea; olatuak lehertzen diren lekuetatik (arrokak, kai-muturrak, moilak) urruntzea; eta itsaso-pasealekuetara, kai-muturretara edo labarretara ez joatea. Larrialdietan, 112 zenbakira edo Getxoko Udaltzaingoaren 944 660 202 telefonora deitzea eskatu dute. Argazkian, hainbat lagun itsasontzia lotzen artxiboko irudi batean.