Abortuaren kontrako legeak salatuko dituzte Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ots. 28a, 21:33

Martxoaren 8ko Emakumeen Egunarekin lotuta, hamaika jarduera izango dira astelehenean hasita Sopelan, Itzartu emakumeen elkarteak, tokiko Udalak eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatearen Berdintasun Sailak antolatuta. Horien artean, ostiralean, martxoak 7, Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak sustatutako Abortuaren Legea aldatzeko aurreproiektuaren kontrako hitzaldia eskainiko dute Anabel Sanz eta Teresa Maldonado Feministalde elkarteko kideak. Hitzordua 19:00etan jarri dute, Kurtzio Kultur Etxean. Ildo horretan, dagoeneko urtarrilean Sopelako Udalbatza Madrilgo Gobernuak bultzatutako lege-aldaketaren kontra agertu zela gogoratu dute tokiko iturriek. Mozioa Bilduk aurkeztu zuen hile horretako osoko bilkuran eta koalizio soberanistak berak eta PSE-EEk aurkeztutako emendakina atxikitu ostean onartu egin zen. Azken testua Bildu (7 zinegotzi), EAJ (7) eta PSE-EE (2) taldeen aldeko botoekin onartu zen. PP-k (1) kontra bozkatu zuen. Horrela, Sopelako Udalak eskatu egiten du legea aldatu daitela eta abortua ez daitela delitu moduan agertu —eta, beraz, ez daitela Zigorbidezko Kodean araututa egon—, eta emakumezkoek beraien amatasunaren gainean erabakitzeko eskubide moduan arautu daitela, gura dutenean haurdunaldia borondatez eten ahal izateko. Argazkian, urtarrilaren 24an, Uribe Kostako mugimendu feministak deituta, 220 bat emakumezko eta gizonezkoek manifestazioa egin zuten Areetan, "Abortatzeko eskubidea. Gure gorputza, gure erabakia" lelopean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun