Marije Fullaondo: "Martxoaren 3a gogoan, eredu sozioekonomiko propioa erabaki eta eraiki!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko mar. 3a, 01:18

[cc-by-sa Marije Fullaondo - Sortu.net] Martxoaren 3a oso data esanguratsua da Euskal Herriarentzat. Zorigaiztoko esangura duena. 1976Ko martxoaren 3an, Euskal Herriak langile-klasearen aurkako erasorik lazgarriena bizi izan zuen Gasteizen. Urte hasieratik ari zen langileria bizi- eta lan-baldintzak hobetzeko borrokan. Martxoaren 3ko hartan, asanblada informatibo bat burutzeko asmoz, Zaramagako elizan eta haren ingurutan bildu ziren milaka langile eta herritar kolpeka eta tiroka hartu zituen espainiar poliziak. Emaitza, ezaguna: 5 hildako eta 100dik gora zauritu. Gaur, 38 urte pasa direnean, zigorgabe jarraitzen dute botere ekonomiko eta politikoaren maila gorenetatik antolatu ziren gertakari haiek. Bere burua "demokratiko" gisa definitzen duen estatu espainiarreko gobernuek, koloreak kolore, egun hartako gertakarien ahanzturan jarraitzen dute eta, errudunei dagokionez, ukazioan. Euskal Herriak, ordea, ez ditu gertakari haiek ahaztu. Martxoaren 3a erreferentziazko data bilakatu da Euskal Herriarentzat eta, bereziki, euskal langile-klasearentzat; besteak beste, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak egindako lanari esker. Argazkian, martxoaren 3a gogoratzeko manifestazio bat / cc-by LAB.

1976tik 38 urte pasatu dira, bai, baina alor sozio-ekonomikoan gutxi aldatu dira gauzak. Egun, 2014an, orduko aldarrikapenek gaurkotasun osoa dute. Krisi sozio-ekonomiko latzean murgilduta, borroka behar beharrezkoa da: guk geuk, euskal herritarrok, geure eredu sozial eta ekonomikoa erabaki eta eraikitzeko, langileon duintasuna eta begirunea (ber)eskuratzeko, bizi- eta lan-baldintza duinak eskuratzeko, dagozkigun eskubide sozio-ekonomikoak gauzatzeko.

Baina... hara non! 2014ko martxoaren 3an hain justu, sarraski hura ahalbidetu zuten PPren oinordekoek Euskal Herrira etorriko dira nazioarteko gailur ekonomiko bat burutzera. Espainiako gobernuaren eskutik dator gailurra Euskal Herrira, Urkullu lehendakariaren babespean eta PNV, UPN, PSE eta PSNko zuzendaritzak txaloka ari direla.

Zoritxarreko martxoaren 3ko hartan gertatutakoa isildu nahi izan dutenak Bilboko Guggenheimen bilduko dira. Bertan bilduko dira orduko eta egungo krisiaren erantzukizun eta ardura osoa duen kapitalismo neoliberalari gorazarre eginez, eredu sozio-ekonomiko basati horren kudeatzaile nagusiei beren onespen eta laguntza osoa eskaintzeko. Onespena eta laguntza, zertarako? Elite ekonomikoak –eta, haien babesean, hainbat politikari– lotsagarri aberasten jarraitzeko. Nola? Langileria eta, oro har, herritar arruntok pobreziara kondenatuz eta bizitza duina garatzea ahalbidetzen duten oinarrizko eskubideak zapaltzen jarraituz.

Espainiako gobernuak eta bertoko PPk bi helburu nagusi egozten dizkiote, martxoaren 3an, Bilbon burutuko den Gailur Ekonomikoari. Batetik, ekonomiari buruzko "hausnarketa" egin nahi omen dute, transnazionalen eta mundu mailako analista eta kudeatzaileen eskutik. Bestetik, Espainiar estatuaren "normalizazio" sozial, ekonomiko eta politikoaren irudia eskaini nahi diote munduari. Eta hori -ez kasualitatez, noski- Euskal Herritik irudikatu nahi dute.

Lehen ere aipatu dudan moduan, bertan bilduko diren transnazional, kudeatzaile, bankari, estatu-gizon/andre eta abarrek eredu kapitalista-neoliberalaren adibiderik garbienak dira. Are gehiago, egungo krisia eragin duen sistema bera egonkortzea ahalbidetu eta bultzatzen dutenak, klase zapaltzailearen interesen defendatzaile sutsuak eta herritarron eskubide-ukazioaren erantzule zuzenak. Eta hori da, hain zuzen, estatu espainiarrak –eta gailurra babesten duten gainontzekoek ere– eskaintzen digun sistema, eskaintzen digun errezeta: eskubide ororen urraketa dakarren kapitalismo neoliberal basatiena.

Eskaintza horren parez-pare, eredu sozial eta ekonomiko alternatiboa osatu beharra dugu. Eta, horren bidean, EH Bilduk urrats bat egingo du martxoaren 2an. Kontra-gailur politikoaren izaera duen nazioarteko topaketa burutuko da, Bilbon bertan, Zabalguneko Merkatuan, EH Bilduk antolatuta. Bertan, europar ereduarekiko ikuspegi guztiz kritikoa konpartitzen duten erakunde politikoek hartuko dute parte; besteak beste, Sinn Fein, Syriza, UDB, Bloco de Esquerda, Sinistra Ecologia Libertà, Die Linke eta beste nazio eta herrietako ordezkari anitz. Topaketa honek, harreman sozial bidezkoagoak oinarritzat dituen ereduaren aldeko alternatiba eraldatzaileak bultzatzeko borroka eta eztabaiden inguruko esperientziak partitzeko aukera eskainiko digu.

Baina urrats hori denon artean osatu behar dugu. Izan ere, Espainiak eta Troikak inposatutako ereduaren aurrean, tamainako herri-erantzuna artikulatu beharra dago, mobilizazio klabean eta eraikuntza klabean. Herritar aktibazioa bultzatuz, aurrerapausoak emateko baliatu behar ditugu Martxoaren 2a eta 3a, Bilbotik eta Gasteiztik. "Marca España"ri, bide eta eredu propioa jarri behar diogu parez-pare. Espainiar eredua VS Euskal Herrirako nahi eta behar dugun eredu berria.

Eredu alternatiboaren eraikuntza burujabetzarekin dago lotuta, ezinbestean. Herri gisa, burujabe pentsatuz eta arituz, gure bidea, Euskal Bidea, urratsez urrats egiteko garaia dugu eta martxoaren 2 eta 3an urrats berriak emateko aukera paregabea dugu.

Badago biderik. Eraiki dezagun denon artean!

Marije Fullaondo Sorturen Masa Borrokarako arduradun algortarrak pasa den ostiralean bere blogan argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun